Martxoaren 21ean egingo dute San Jose trikiti jaialdia

Uztarria.eus 2020ko mar. 5a, 12:59
Iazko trikiti jaialdiko irudia.

Ohi bezala, trikitilari ugarik parte hartuko dute jaialdian. Larunbatean, martxoak 7, jarriko dituzte sarrerak salgai. Azpeitian, Mendizabalen, Pastorkuan eta Berdien erosi ahal izango dira; trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzita edo 943-83 28 28 (goizez) telefonora deituta ere eskuratu ahal izango dira.

Martxoaren 21ean, larunbatez, egingo dute aurtengo San Jose trikiti jaialdia. Soreasu antzokian izango da ekitaldia, 17:30ean hasita, eta ohi bezala, hainbat trikitilarik parte hartuko du jaialdian. Aurtengo edizioan, honako musikari hauek izango dira oholtzan: Unai Dorronsoro, Martin eta Motriku; Roberto Etxebarria, Kepa Arrizabalaga eta Miren Etxebarria; Gozategi anai-arrebak; Azkoitiko Txalkor eta Azpeitiko Antxieta txistulari taldeak; Estanga anai-arrebak; Xabi eta Kristina Solano eta Zigor Lampre; eta Astiasaran osaba-ilobak eta Aitor Aiastui.

Datorren larunbatean, martxoak 7, jarriko dituzte jaialdirako sarrerak salgai. Azpeitian, Mendizabalen, Pastorkuan eta Berdien erosi ahal izango dira, eta Azkoitian, Ixidro erretegian. Horrez gain, trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzita edo 943-83 28 28 (goizez) telefonora deituz ere erreserbatu ahal izango dira sarrerak. Trikitizaleentzako hutsik egin ezineko ekitaldia izaten da San Jose deiturikoa, eta azken urteetan sarrera guztiak agortu izan dira. Hamabi euroko balioa du sarrera bakoitzak. Erreserbak egunean bertan, 16:00etatik 16:30era, jaso beharko dira leihatilan (16:30 baino lehen jasotzen ez direnak salgai jarriko dituzte).