'Entzun energiaren ahotsa' kanpainaren hitzarmena sinatu dute Urola Erdiko Energia Mahaiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Uztarria.eus 2020ko mar. 2a, 16:44
Urola Erdiko Energia Mahaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak.

Urola Erdiko ikastetxeetan energia aurreztea xede duen programa da Entzun energiaren ahotsa, eta gaur, astelehena, kanpainaren hitzarmena sinatu dute Urola Erdiko Energia Mahaia osatzen duten eragileek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurkezpenean izan dira bailarako ikastetxeetako ordezkariak, Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua.

Euronet 50/50 Europako programaren barruan, bailarako ikastetxeetan energia aurrezteko helburuarekin, Entzun energiaren ahotsa kanpaina jarri du martxan eskualdeko hainbat eragilek. Gaur, astelehena, aurkeztu dute kanpaina Basazabal jauregian, eta hitzarmena sinatzen izan dira Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzen garapen agentziako presidentea eta Urola Erdiko Energia Mahaia osatzen duten ikastetxeetako ordezkariak.

Energia Mahaiaren barruan dauden sei ikastetxeek parte hartu dute Entzun energiaren ahotsa programan: Urola Ikastola BHIk, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Iraurgi Ikastetxeak, eta Azkoitia BHIk. Kanpainaren helburu nagusia ikastetxe horietan energia kontsumoa aurreztea da, energiaren erabileran eta kudeaketan jardunbide egokiak ezarrita. Zentro bakoitzean aurreztutakoa kontsumo txikiagoa duten eta energiaren eraginkortasuna hobetzea ahalbidetzen duten ekintzetan inbertituko dute. Horrez gain, programaren barruan ikasleei energia aurrezteko aholkuak emango dizkien Lur izeneko pertsonaia bat sortu dute.

Egitasmoaren aurkezpenean Asensiok hartu du hitza lehenik, eta hark azaldu duenez, "beharrezkoa" da energiaren inguruko "gizarte ikuspegia" izatea klima aldaketa, energia pobrezia zein energia zaurgarritasuna murrizteko. Diputatuak adierazi du Urola Erdiaz gain, Gipuzkoako beste zazpi eskualde ere ari direla parte hartzen programan: "Ingurumen departamentuak sei urte baino gehiago daramatza Gipuzkoan Komunitate energetikoki eraginkorrak izeneko programa bultzatzen, lankidetza hitzarmenak egiten eskualdeko garapen agentziekin, beti ere eskualdeko planak, mahaiak eta tokiko ekintzak bultzatzeko helburuarekin". Ildo horretatik, Asensiok nabarmendu du aldundiko Ingurumen departamentua Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren 2050 Estrategia lantzen ere ari dela, eta "laster" emango dutela plan horren berri.

Ondoren, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Iraurgi Berritzeneko presidenteak hartu du hitza. Hark programaren sinatzaileen arteko "lankidetzaren garrantzia" azpimarratu du hasteko. Gaur egun, gizarteak eskuartean "atzera bueltarik ez duen erronka" duela azaldu du Zubizarretak klima larrialdiaz aritu denean, eta horri aurre egiteko energia kontsumoari erreparatzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du. Hain zuzen ere, Entzun energiaren ahotsa ekimenak eta Euronet 50/50 egitasmoak helburu horretan laguntzen dutela azaldu du. Gainera, eraikin publikoetan eta ikastetxeetan energia murriztea zein energia kontzientzia sendotzea "pauso bat gehiago ematea" dela nabarmendu du Zubizarretak.

Orain arte emandako pausoez aritu da, aldiz, Camino Saiz Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendaria eta Urola Erdiko Energia Mahaiko ikastetxeen ordezkaria. Hark ikasturte hasieran programa martxan jarri zutela azaldu du. Hasteko, ikastetxeetan energia taldeak eratu zituzten ikasleekin, zuzendariekin, irakasleekin nahiz beste hainbat ordezkarirekin. Saizen arabera, ikastetxe bakoitzeko energia taldea bere eraikinaren energia diagnostikoa osatzen ari da orain, hala nola energia gehien kontsumitzen duten tresnak identifikatzen zein ikasgeletako tenperatura eta argiteria neurtzen. Hori guztia kontuan izanik, energia kontsumo arduratsuagoari ekiteko plan bat egingo dutela zehaztu du Saizek, eta ondoren, diagnosiaren emaitzak kalkulatuko dituztela ere esan du, energia kontsumoa nola murriztu dezaketen aztertzeko.

Denen parte-hartzea, "ezinbestekoa"

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea ere klima larrialdiaren garrantziaz aritu da hizketan, eta energia kontsumoa murrizteko eragile guztien inplikazioa eta konpromisoa "ezinbestekoak" direla nabarmendu du hark. Bide horretan, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, aldundiak nahiz bi herrietako ikastetxeek Entzun energiaren ahotsa kanpainaren barruan sinatutako hitzarmena "oso garrantzitsua" dela gaineratu du Alkortak. Horrez gain, Euronet 50/50 etxean ekimena ere izan du hizpide Azpeitiko alkateak. Izan ere, Euronet proiektua hezkuntza komunitate osoaren parte hartzean oinarritzen dela adierazi du: "Gurasoei zein zentroetako langileei zuzenduriko tailerrak egiten ari dira, ekimena bera, kontsumoen jarraipenaren garrantzia eta energia modu arduratsuan kontsumitzeko jarraibideak etxe guztietarako helarazteko asmoz". Instituzioetako ordezkariek hitzartzea amaitu dutenean, Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta bi herrietako ikastetxeetako ordezkariek hitzarmena sinatu dute.