'Errimak bi oinetan' dantza emanaldia eskainiko du Haatik dantza konpainiak ostiralean

Uztarria.eus 2020ko mar. 3a, 10:10
'Errimak bi oinetan' ikuskizuneko dantzariak.

Dantza emanaldi berria da Aiert Beobidek eta Unai Elizasuk zuzendutakoa, eta 20:00etatik aurrera Soreasuko agertokian oholtzaratuko dute bost dantzarik. Errimak oinetan ikuskizunaren jarraipena da, formatu berean egindakoa eta bertsoa nahiz dantza uztartzen dituena. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke sei eurotan.

Haatik dantza konpainiak Errimak bi oinetan ikuskizuna eskainiko du ostiralean, Soreasu antzokian. Dantza emanaldi berria da Aiert Beobidek eta Unai Elizasuk zuzendutakoa, eta 20:00etatik aurrera oholtzaratuko dute bost dantzarik. Hain zuzen erew, Errimak oinetan ikuskizunaren jarraipena da, formatu berean egindakoa eta bertsoa nahiz dantza uztartzen dituena. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke sei eurotan; egunean bertan, berriz, zortzi euroren trukean eskuratu ahal izango dira Soreasuko leihatilan.

Bertso ariketa eta jokoak eramango dituzte dantzara Haatik taldeko kideek; hain zuzen ere, horixe da ikuskizunaren berezitasun nagusia. Gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratuko dituzte, kanta ezagunei nahiz bertso zaharrei mugimendua emanda. Honako hau da Errimak bi oinetan lanaren sinopsia: "Dantza eta bertsoa gurutzatzen diren lekuan hasi zen sormen honen bidaia. Bertsoari mugimendua emango diote eta gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzeko asmoarekin dator Haatik konpainia. Garai bateko, gaurko eta emanaldirako sortutako bertsoekin osatutako ikuskizun dibertigarri berri bat da. Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza bost dantzariek. Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek ahotsa. Bertsoa entzun, dantza ikusi eta emanaldia biziko duzu".