Aitor Zubillagak urrea lortu du pista estaliko Euskadiko Txapelketan

Uztarria.eus 2020ko ots. 26a, 15:30

Atleta azpeitiarrak 60 metroko pista estaliko maila absolutuko Euskadiko Txapelketa irabazi du. Donostian jokatu zuen lasterketa joan den larunbatean. Datorren asteburuan Ourensen (Galizia) pista estaliko maila absolutuko 60 metroko Espainiako Txapelketa jokatuko du.

Aitor Zubillaga (Azpeitia, 1999) atleta pista estaliko maila absolutuko Euskadiko txapelduna da 60 metroan. Joan den larunbatean lortu zuen proba horretan urrea, Donostian. 06:99 denbora eginda erdietsi zuen garaipena. Egindako denborarekin, ordea, ez zen gustura gelditu Atletico San Sebastian taldean aritzen den azpeitiarra. "Sasoiko nago, eta denbora hori eginda ez nintzen gustura gelditu", azaldu du. Orain dela bi aste, 23 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa jokatu zuen Salamancan (Espainia), eta orduan 23 urtez azpikoetan Gipuzkoako marka egitea lortu zuen; 60 metro 06:83 denboran eginda. Horrez gain, sailkapen orokorrean bosgarren egin zuen azpeitiarrak. "Euskadiko absolutuen txapelketan Salamancan egindako denbora horretan ibiltzea nahi nuen, baina gehiago egin nuen, eta ez naiz gustura gelditu".

Espainiako atletismoko maila nagusian ariko da datorren asteburuan Zubillaga, maila absolutuan. Ourensen (Galizia) pista estaliko Espainiako Txapelketako 60 metroko proba jokatuko du. "Salamancan egin nuen denboratik gertu ibiltzea gustatuko litzaidake asteburuan. Finalerako sailkatzea zaila izango dut, maila olinpikoko atletek ere parte hartuko dutelako. Dena den, finalerdietara sailkatu eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Itxaropena ez da inoiz galdu behar", esan du Zubillagak. Larunbatean kanporaketak jokatuko dituzte eta igandean finalerdiak eta finala. Asteburuko jardunaldiarekin pista estaliko sasoia bukatuko dute, gero apirilean edota maiatzean pista irekian lehian hasteko.