Etzi hasiko da X. Erniarraitz Bertso Txapelketa

Uztarria.eus 2020ko ots. 28a, 14:35
IX. Erniarraitz Txapelketaren finaleko irudia.

Lehen saioa Errezilgo Borondegi jatetxean izango da, 17:30ean hasita, eta Eder Iturralde, Maider Arregi, Unai Izagirre, Joanes Illarregi, Aroa Arrizubieta eta Sari Robles ariko dira kantuan. Saioaren irabazleak finalerako txartela eskuratuko du. Gainerako bi kanporaketak Zestoan eta Azkoitian izango dira. Finala, berriz, Azpeitiko Gaztetxean, hilaren 27an.

Etzi, igandearekin, hasiko da Erniarraitz Bertso Txapelketaren hamargarren edizioa. Lehen saioa Errezilgo Borondegi jatetxean izango da, 17:30ean hasita, eta Eder Iturralde, Maider Arregi, Unai Izagirre, Joanes Illarregi, Aroa Arrizubieta eta Sari Robles ariko dira kantuan. Saioaren irabazleak finalerako txartela eskuratuko du, eta gainerako bertsolariek datozen saioen zain egon beharko dute fiinalean sartuko diren edo ez jakiteko.

Bigarren kanporaketa astebeteko etena eta gero iritsiko da. Hain zuzen ere, martxoaren 15ean izango da Zestoako Kultur Etxean (17:30), eta Iker Letamendia, Eli Pagola, Irati Ancantarilla, Markel Eizagirre, Jon Gurrutxaga eta Mikel Iturriotz izango dira agertokian. Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, Azkoitiko Kultur Etxean izango da martxoaren 22an. Julene Iturbe, Ane Zuazubiskar, Asier Galarza Muxi, Oier Etxeberria, Imanol Albizu eta Aitor Zubikarai arituko dira bertsotan. Bi saio horietako irabazleek ere finalerako zuzeneko txartela eskuratuko dute.

Finala martxoaren 27an, ostiralez, izango da, ohi bezala, Azpeitiko Gaztetxean. 22:00etan hasita, hiru kanporaketetako irabazleak nahiz puntuazio altuena lortu duten beste hiru lagun izango dira agertokian. Guztira, hemezortzi bertsolari gaztek parte hartuko dute aurtengo txapelketan, eta horietatik bost azpeitiarrak dira: Eder Iturralde, Jon Gurrutxaga, Iker Letamendia, Oier Etxeberria eta Imanol Albizu.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bi urtean behin antolatzen du Erniarraitz Txapelketa, eta Euskal Herriko hainbat txokotako bertsolari gazteek parte hartzen dute lehian. 2018an jokatu zen IX. Erniarraitz Txapelketa, eta orduko hartan Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak jantzi zuen txapela.