Karnabalak 2020

Gogotik astindu dituzte zartaginak kaldereroek

Uztarria.eus 2020ko ots. 15a, 21:15

Ohi den moduan, karnabalen aurreko asteburuan, kaldereroek alaitu dute herria, zartaginak astinduz eta eztarriak urratuz. Trapu zaharrak soinean, herritar ugari animatu da kaldereroen konpartsan ateratzera. Aurten, berrikuntza moduan, abestiak Udal Musika Bandak zuzenean jo beharrean, bozgorailuetatik jarri dute musika. Eguraldi epela lagun, giro ederra sortu da herriko kaleetan.

19:00etan abiatu dira kaldereroak Arana kaletik; ondoren, Bustinzuriko Errebala, Artzubiko etorbidea, San Martin egoitza, Artzubiko etorbidea, Goikokale, plaza, Enparan kalea, Erdikalea, Elizkalea eta Donejakue kalea zeharkatu dituzte, eta plazan amaitu dute ibilbidea. Alde Zaharrean barrena, Konpontzaileak eta Hungariar kaldereroen konpartsa abestiak kantatu dituzte, eta partaide guztiak plazan elkartzean, Trapu zaharrak eta Hungariako kaldereroak lanean kantuak abestu dituzte. Udal Musika Bandak zuzenean jo ditu pieza horiek plazan.