Etxebiden izena emandakoek martxoaren 2rako berretsi beharko dute Esklabetako babes ofizialeko zozketan parte hartzeko eskaera

Uztarria.eus | Hirigintza
2020ko ots. 13a, 16:00

Etxebiden etxebizitza erosteko alta emanda dauden 311 herritarrei gutun zertifikatua bidali die udalak. Gutunarekin batera, zozketan parte hartu nahi dutela adierazteko sinatu beharreko orria jasoko dute horiek, eta orri hori martxoaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dute.

Esklabak-Iturtzulo eremuan hasi dituzte obrak.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Etxebiden izena emanda dauden eta Esklabak-Iturtzulo eremuan eraikiko dituzten etxebizitzen zozketan parte hartu nahi duten herritarrek martxoaren 2a bitartean berretsi beharko dute eskaera. Etxebiden etxebizitza erosteko alta emanda dauden 311 herritarrei gutun zertifikatua bidali die dagoeneko udalak. Hain zuzen ere, etxebizitzen informazioaz gain, zozketan parte hartu nahi dutela berresteko sinatu beharreko orria ere jasoko dute herritarrek.

Babes ofizialeko etxebizitzen bigarren faseko zozketan parte hartu nahi duten herritarrek martxoaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dute sinatutako orria udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Aldiz, Esklabak-Iturtzulo eremuko udal sustapeneko etxebizitza tasatuen bigarren faseko zozketan izena eman dutenek ez dute halako prozedurarik egin beharrik. 

Zozketan parte hartu nahi dutela adierazten duten herritarrekin osatuko dute zozketarako parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda, eta martxoaren lehen hamabostaldian argitaratuko du zerrenda hori udalak. Argitaratu ostean erreklamazio epea zabalduko dute, eta epe tarte hori bukatzean argitaratuko dute zozketan parte hartuko dutenen behin betiko zerrenda.

Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren fasean 39 babes ofizialeko etxebizitza eraikiko dituzte. Zozketa apirilean egitea aurreikusten du udalak. Informazio gehiago nahi duenak edo zalantzak argitu nahi dituenak 943-15 71 83 telefonora deitu, azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera mezua idatzi edo Azpeitia Berritzenen bulegora jo dezake.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu