Lotsa etxean lagata

Uztarria.eus | Festak
2020ko ots. 18a, 10:15

Mozorroa, kamioia eta umorea; horiek dituzte Astelehen Karnabalerako osagai. Aurtengorako ere ari da prestatzen lagun taldea. Haietako batzuekin hitz eginda osatu du erreportaje hau Ihintza Elustondo kazetariak, 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian. Hil honetako herri aldizkariaren zenbakia, 224.a, osorik irakur daiteke dagoeneko webgune honetan (hemen, PDF formatuan).

Iaz Eivissako Privilege irudikatu zuen kuadrilla karnabaleroak. (Alberto Beloki)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Ia-ia lege bilakatu da: sekula ez indiar, cowboy edo txanogorritxu. Dendara joan eta parean tokatutako lehen mozorroa janztea ez zaio oraindik okurritu herriko kuadrilla karnabalzaleenetakoari. Haientzat askoz ere grazia handiagoa du elkarrekin jantzi eta beharrezko detaileak prestatzeak. Mozorrotutako pertsonaiaren ahalik eta antzik handiena izateko, denak balio du: ilea moztu behar bada, moztu; eta makillatu behar bada, makillatu. "Baita besoetako ileak moztu ere". Bi aukera daude: gauzak sinple egitea edo sinple ez egitea. Haiek parafernaliaren aldekoak dira. "Horrela askoz ere hobeto pasatzen dira karnabalak".

Iñaki Arregi (Azpeitia, 1972), Igor Zabala (Azpeitia, 1976), Andoni Aramendi (Azpeitia, 1973) eta Iñigo Karrera (Azpeitia, 1977) dira kuadrilla horretako lau kide. Hasieran, bakoitza bere lagun taldearekin mozorrotzen zen, baina gero elkartu eta denak batera janzten hasi ziren. Guztira, hamabost bat lagunek osatzen dute taldea orain. Duela hamar urte inguru atera ziren lehen aldiz elkarrekin Astelehen Karnabalean. "Bagitxitxin korrika taldea ideiatzat hartu eta Ezgitxitxin taldeko kidez mozorrotu ginen", diote.

Ordutik ideia mordoxka bat gorpuztu ditu kuadrillak: sokaneskaz jantzi ziren urte batean, skinheadez beste batean, gay harrotasunaren desfilea ere egin zuten, Sanagustin kulturgunea irudikatu zuten, Ibizako Privilege diskoteka ere bai, punkiz jantzi ziren Erloko gurutzearekin, fatxaz, legioz, igeriketa sinkronizatuko taldez... Luzea bezain oparoa da zerrenda. Eta badirudi jendeari gustatu zaizkiola ideia horietako asko; izan ere, Azpeitiko Udalak banatu ohi dituen sariak ere poltsikoratu dituzte: Sanagustinez jantzi zirenean lehen saria eskuratu zuten, Privilege irudikatu zutenean hirugarrena eta gay harrotasunaren desfilearekin sari berezia. Sariak ez, baina ospakizuna beti izan da berbera: kuadrillako bazkaria. "Bi urtez Jai Alain egin genuen, eta iaz Zokoa elkartean".

Dena den, "sekula" ez dira saria irabazteko helburuarekin mozorrotu. "Saria lehen aldiz jaso genuenean, ez ginen berehalakoan enteratu. Denok tabernan geunden, eta hantxe esan ziguten sarituak izan ginela", azaldu dute. "'Baina gu ez gara-eta inon apuntatu!', bota genien", kontatu du Arregik barrez, sarituak izateko apuntatu beharrik ez zegoela jakin gabe.

Trantsizioa: kamioia

Haien kuadrillan bada mozorroa bera baino garrantzitsuagoa den beste elementu bat: kamioia. "Urte batean, baten bati bonbilla piztu zitzaion, eta zera bota zuen: 'Kamioia lortzeko aukera daukagu'", esan du Zabalak. Ordutik, urtero kamioiarekin ateratzen dira kalera. Eta ez hori bakarrik: kamioiaren arabera erabakitzen dute mozorroa. "Kamioia eta musika izan ditzala", dio Karrerak.

Mozorroa erabakitzeko, "txikiteoan" izaten dute inspiraziorik handiena. Zabalaren arabera, denek izaten dituzte ideiak, baina batzuek besteek baino gehiago: "Letretakoek, batez ere". Batzuek ideiak bota, eta besteek "bale"; halakoren batean erabakitzen dute zertaz jantzi. Hori bai, garrantzitsua da ideia bat aukeratzean hori muturreraino eramatea: legioz jantzi zirenean, akerra atera zuten kalera; punkiz jantzi zirenean, Erloko gurutzearen erreplika ere beraiekin atera zuten (urte hartan desagertu zen gurutzea); beste batean, kaskamotz atera ziren... Zabalak airera bota du galdera: "Karnabalengatik denak merezi du, ezta?". Arregik zalantzarik ez du: "Uste dut baietz".

 

 

Behin mozorroaren ideia erabakita eta kamioia eskuratuta, lanak banatzea tokatzen da: batzuek jantziak inguratu, besteek kamioirako beharrezko gauzak lortu... Eta hori bai, Txikiteo Elegante egunaren bezperan, larunbatez, juntadizoa egiten dute Arregiren familiako tailerrean, kamioia prestatzeko. Aurrez prest izaten dute beharrezko material guztia, eta egun horretan egiten dute muntaia. "Batzuek ez dute ezer egiten, baina han egon behar da, kafea hartzen baldin bada ere; hori da araua", azaldu du Arregik. Igeltsero batena da kamioia, eta hark ezin izaten du karnabalak baino lehenago libratu ibilgailua; horregatik elkartzen dira urtero festen aurreko larunbatean. "Goizean elkartu eta bukatu arte aritzen gara tailerrean lanean", esan du Karrerak.

Egun handia iristen denean, 16:00 aldera elkartzen dira, "zezena irteten denean edo". Arratsaldean hartzen dute kamioia, 18:30 inguruan, eta kalean ibiltzen dira mozorrotuta, afaltzera joan arte. "Kioskoari buelta batzuk eman, Erdikalean inozoarena egin... ederra izaten da", dio Zabalak. 21:30 aldera-edo afaltzera joaten dira, eta ordurako kamioia hustu eta igeltseroari bueltatzen diote. "Kostatzen zaigu kamioia uztea. Askotan esaten dugu: 'Beste buelta bat emango diogu kioskoari!'. Horrelaxe ibiltzen gara, gustura", kontatu du Karrerak. Afalostean, kamioirik ez da izaten, baina berdin jarraitzen du festak.

Urteko egunik onenak

Hainbeste urteko entretenimendu festan, anekdotaren bat edo beste ere badute kontatzeko. Badira urte batzuk kamioiarekin irteten direla, baina urtero neurtu behar izaten dute Erdikalea, kamioia kabitzen dela ziurtatzeko. "Errazago litzateke paper batean apuntatzea, baina...", bota du Karrerak. Ile guztia moztu zutenean ere, ederrak entzun behar izan zituen hark: "Bi hilabete pasatuta, ez zela ile hori hazten eta... 'Adin batetik aurrera, hori ez duk hazten', esaten zidaten".

Aurten, zer? Hori da galdera. Karnabalak iristear dira, eta ideiaren bat badarabilte buruan, baina ez dute ezer aurreratu nahi izan. "Katxondeoan esaten dugu: 'Urteren batean jantzi beharko diagu ba bakoitzak nahi duen bezala?'", dio Karrerak. "Iritsiko da eguna, kamioia puskatzen dugunean edo...", erantzun dio Arregik. Hark eman ditu mozorroaren inguruko pista batzuk. "Ni beti neskaz janzten naiz. Niretzako mutil batek neskaz jantzi behar du karnabaletan. Uste dut sekula ez naizela jantzi mutilez. Tanga gorri bat erosi nuen behin, eta beti janzten dut hori".

Duela urte batzuk indarra galduta egon zen Azpeitian Astelehen Karnabala, kuadrillak oroitzen duenez. Baina orain, berriro indarra hartzen ari dela uste dute, eta pozgarria iruditzen zaie hori. "Orain, gazte mordo bat ateratzen da eguerditik, eta giro ederra egoten da kalean. Gainera, goizetik ateratzen diren familiek ere sekulako indarra eman diote egunari. Gure garaian, afalorduan mozorrotzen zen jendea", gogoratu du Aramendik.

Haien kuadrilla, familia ugari eta hainbat norbanako Astelehen Karnabalerako prestatzen ariko dira dagoeneko. Arregik aholku bat eman die herritarrei egun horretarako: "Lotsa etxean laga behar da". Berak argi dio: "Nik ez daukat lotsarik. Niri plazan jende mordo baten aurrean dantza egiteak ez dit inporta. Egun horretan ezerk ez du axola".

Karnabalak: urteko egunik onenak. Halaxe dira herritar askorentzat, baita Arregi, Zabala, Aramendi eta Karreraren kuadrillarentzat ere. "Barre mordo bat egiten dugu", diote. Eta ez egunean bakarrik, lanak lan, prestaketa guztian zehar ere umorerik ez da falta izaten haien lagun taldean. Hilabete inguruko entretenimendua sortzen da karnabalen aitzakian, "sansebastianetatik karnabaletara".

Batzuentzat karnabaletan mundua gelditzen da. Arregiri ere antzeko zerbait gertatzen zaio. Hainbeste gustatzen zaizkio herriko festa horiek, urtero eskertzen dio amari Azpeitian jaiotzeko aukera eman izana. Hauxe urtero errepikatzen duen esaldia: "Ama, eskerrik asko Azpeitian jaiotzeagatik".

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu