Hatxeren erakusketa eta kontzertua izango dira igandean Sanagustinen

Uztarria.eus | Kultura
2020ko ots. 7a, 09:30

Histeria bideoklip esperimentala eta erakusketa erakutsiko dituzte Maria Elorza zinemagileak eta Hatxek igandean, otsailaren 9an, Sanagustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Segidan, Panpin hautsien dantza kontzertua eskainiko du Hatxek. Histeria sormen proiektuak Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta udalaren Sormen Beka jaso zuen iazko irailean.

Maria Elorza donostiarrak eta Idoia Hernandezek sortu duten Histeria bideoklip esperimentala eta erakusketa erakutsiko dituzte igandean, otsailaren 9an, Sanagustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Egitasmo horrek 1.700 euroko laguntza jaso zuen iazko irailean, Kultur Mahaiaren eta Azpeitiko Udalaren Sormen Bekari esker. Panpin hautsien dantza kantu bildumatik sortutako sormen prozesu bat da Histeria. Musika aldetik, kontrastez beterikoa. Ikus-entzunezko zatia Super8 pelikula analogikoarekin grabatu dute. Bideokliparen emanaldiaren ondoren, 19:00etan hasita, Panpin hautsien dantza kontzertua eskainiko du Hatxek (Idoia Hernandez). Sarrerak salgai jarri dituzte Kulturaz.eus webgunean.

Histeria bideoklip osoa proiektatzeaz gain, hori sortzeko prozesuan sortutako pelikula fisikoaren zati batzuk ere erakutsiko dituzte igandeko erakusketan: Super 8 film zatiak, argazki analogiko margotu eta desitxuratuak, audio eta giro soinu zatiak... "Histeriaren ideiatik abiatuta unibertso surrealista bat sortzen saiatu ginen, inprobisazioa erabiliz. Atrezzoko hainbat elementu ere erabili ditugu: ispiluak, erraiak ziruditen sokak eta jantziak, esaterako. Irudiak lantzearekin batera, musika sortzen joan gara, eta biolin eta bateria inprobisazioak lagun izan ditugu irudiekin bat egiteko. Gainera, inguruko soinuak ere grabatu ditugu: elizako kanpai hotsak, atearen burdineria eta algarak. Dena den, musikaren funtsa pianoaren 5/8 erritmoa da", adierazi dute sortzaileek.

Erakusketaren ondoren, Panpin hautsien dantza kontzertua eskainiko du Hatxek igandean. Musikariaren bigarren proiektu pertsonala da kontzertu hori. Pianoa da instrumentu nagusia, baina kasu honetan bandarekin lagunduta aurkeztuko du; biolina, bateria eta ahotsa gehituta, alegia. Musikariak azaldu duenez, ez da ohiko kontzertu bat: "Ez da bakarkako kantuen segida bat, antzerki ikuskizunen tankeran hasiera eta bukaera bat ditu. Kantuen arteko trantsizioak testuekin, argiekin, inprobisazioekin eta material elektroakustikoarekin landu dira".

Bidali:  

Erantzunak

juaristi | 2020-02-07 : 10:02

Ea ondo ulertu dudan, batetik Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Udalak diruz lagundutako rproiektua aurkeztuko da: Bideoklip esperimentala eta honi lotutako erakusketa.

Bestetik kontzertua izango da.

Ulertu dezaket bigarren hau ordaindu beharra egotea baina herriak diruz lagundutako proiektua ikusteko ordaintzea ez hainbeste.

Tx | 2020-02-07 : 10:20

2016an 300.000 euro eman zizkion enpresa eta merkatari desberdinei 86 oker ez banago emplegua sustatzeko. Orduan denda edo enpresa hoien produktuak ere debalde?
Kultura ere produktu bat da azkenean, eta erosi nahi duenak ordaindu egin behar ba.
Ez?

juaristi | 2020-02-07 : 10:45

Kultura produktu bat da?

Tx | 2020-02-07 : 10:59

Ez?
Batzuk erropak, bestik tornilluk, bestik barazki ta frutak, bestik pelikulak, bestik kireografiyek, bestik antzezlanak, danak die sormenak. Kultura ezin da jan, ezin da ikutu, ezin da erabili da puskautakun bota. Baino produktu bat nahi duenak erosteko eta sormen hori egin duenak bizitzeko dirua izateko, edo beste sormen lanak aurrera eramateko...
Ez?

Tx | 2020-02-07 : 11:25

Beno liburuak eta diskak, baita pintura edo eskulturak ikutu leizke

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu