Greba eguna irudietan

Uztarria.eus 2020ko urt. 30a, 16:41

Grebak askotariko irudiak utzi ditu herrian. Alde Zaharrean nahiz Sanjuandegin saltoki gehientsuenak itxita daude goizaz geroztik; dena den, goizean irekita zeuden saltoki bakan batzuetara sartu dira grebalariak ixteko eskatzera –1766ko Matxinada kaleko Eroskira, Sanjuandegiko Eroskira eta Foru pasealekuko BM supermerkatura kasu–.

Bestalde, hainbat enpresak itxi dituzte ateak gaur, langileek grebarekin bat egin dutelako. Besteak beste, itxita daude Astigarraga Kit Line, Glual Hidraulica, Glual Energy, Arimar, Areka, Talleres Arrieta, Biele, Corrugados Lasao, Diatec, Goienetxe fundazioa, Juaristi, Kimu bat, Kulturaz kooperatiba, Lan Mobel, Ormola nahiz Sammic. Hala eta guztiz, beste enpresa batzuetan lanean ari dira normaltasunez. Antzibarrena industriaguneko enpresa batzuen aurrean auto ugari ikus zitezkeen goizean.

Herriko hiru ikastetxeetan ari dira eskolak eskaintzen. Iraurgi Ikastetxean normaltasuna da nagusi, eta Karmelo Etxegarai  eta Ikasberri ikastoletan irakasleen gehiengoa greban bada ere, ari dira eskolak ematen. Urola Ikastolak ere grebarekin bat egin du. Gainera, hainbat zerbitzu publikotan ere izan du eragina grebak. Besteak beste, itxita daude Iturritxiki ludoteka, Txiki Txoko ludoteka, Gazte Informazio Bulegoa, Gaztelekua, Emakumeen Txokoa, kiroldegia eta liburutegia. Urola Erdiko Mankomunitatea ere itxita dago gaur.