Kbeat Band taldeak kontzertua eskainiko du igandean Sanagustinen

Uztarria.eus 2020ko urt. 29a, 18:39

Filmetako soinu bandak eta askotariko artisten abestien bertsioak tautaratuko ditu Kbeat Band taldeak igandean, otsailak 2. Sanagustin kulturgunean izango da hitzordua, 19:00etan hasita, eta sarrera doakoa izango da. "Urteak daramatzagu proiektu desberdinetan parte hartzen eta kultur talde desberdinekin kolaboratzen. Elkarlan hauetaz gain, gure proiektutxoak jorratu izan ditugu estilo desberdinetan", azaldu dute Kbeat Band taldeko kideek.

Igandeko ikuskizunean abestien programa "iraultzea" erabaki dute taldeko kideek, eta agertokian hainbat musikariren laguntza izango dutela nabarmendu dute. Emanaldian askotariko abestiak kantatuko dituzte; hala nola Avicci DJaren eta Portugal the Man taldearen abestiak nahiz doinu klasikoagoak dituzten Queen zein Itoiz taldeen kantuak bertsionatuko dituzte agertokian. Pianoa eta perkusiozko zein haizezko musika-tresnekin arituko dira Kbeat Band taldekoak Sanagustinen, eta lau ahotsetara kantatuko dituzte abestiak. Taldearen entseguko bideoa Kulturaz kooperatibak, Urola Kostako Hitzak eta Uztarria Komunikazio taldeak osatu dute elkarlanean, Mikrouhinak bideo sortarako.