Zuhaitz Eguna egingo dute igandean, Goenako zelaietan

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko urt. 29a, 16:40

Iaz bezala, aurten ere Goenako zelaietan egingo dute Zuhaitz Eguna igandez, eta 60 zuhaitz inguru landatuko dituzte bertara animatzen diren lagunek. Haur zein heldu, 10:30ean elkartuko dira Goenan, eta bi ordu inguruz arituko dira zuhaitzak aldatzen eta berriak sartzen hango berdegunean. 

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Zuhaitz Eguna izango da igandean Azpeitian, Ekoetxeak, Azpeitiko Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean antolatuta. Egitasmoak azken urteetan izan duen "arrakasta eta harrera" ikusita pozik daude sustatzaileak. Horregatik antolatu dute ekimena beste urte batez. Iaz bezala, aurten ere Goenako zelaietan egingo dute Zuhaitz Eguna igandez, eta 60 zuhaitz inguru landatuko dituzte bertara animatzen diren lagunek. Haur zein heldu, 10:30ean elkartuko dira Goenan, eta bi ordu inguruz arituko dira zuhaitzak aldatzen eta berriak sartzen hango berdegunean. Hamaiketakoa egiteko tartea ere hartuko dute.

Zuhaitz Egunaren antolatzaileek azaldu dutenez, aurten bost espezietako zuhaitzak landatuko dituzte: hamabost indigaztain, hamabost lizar, hamabost urki, hamar pago eta hamar arte. Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, udalak urte bukaerarako Goena ingurua egokitzeko asmoa du, "herritarrek gune horretaz behar bezala goza dezaten". Horretarako "burubelarri" ari dira lanean.

Ikastetxeetako ordezkariek eta udalak herritarrei dei egin nahi diete Zuhaitz Egunean parte hartzera anima daitezen.

Gizartea berdeguneen garrantziaz sentsibilizatzea eta ingurumenaren zaintzan herritarrak subjektu aktibo izatea dira Zuhaitz Egunaren helburu nagusiak. Azken hiru-lau urtetan 400dik gora zuhaitz landatu ditu Azpeitiko Udalak.  

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu