Zabaldu dute enpresa ideiak eta proiektuak garatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea

Uztarria.eus | Ekonomia
2020ko urt. 27a, 12:05

Enpresa ideiak garatu edo enpresa proiektu beerriak martxan jarri nahi dituzten herritarrei zuzendutako dirulaguntzak Azpeitiko Udalak, Lanbidek eta Iraurgi Berritzenek jarri dituzte martxan. Ideiak edo proiektuak asteazkenetik otsailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira udaletxean. Aurkeztutako proposamen azterketa otsailaren 17an eta 18an egingo dute.

Udaleko eta Lanbideko ordezkariak.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Enpresa ideiak garatzeko eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko bi dirulaguntza lerro jarri ditu martxan Azpeitiko Udalak, Lanbiderekin eta Iraurgi Berritzenekin elkarlanean. 2010ean Azpeitiko Udalak Plan Estrategikoa aurkeztu eta tramitatu zuen eskualdeko beste udal batzuekin elkarlanean, eta ordutik laguntzen dituzte diruz ekintzaileak. Udalak azaldu duenez, dirulaguntza horiekin ekintzaile gazteak lagundu nahi ditu batez ere: "Ekintzaile izan daitezkeen gazte ugari ditugu, eta horiek ahalduntzeko eta laguntzeko dirulaguntzak dira hauek. Horregatik, gazteak animatu nahi ditugu beren proiektuak aurkeztera".

Honako hauek dira bi dirulaguntza lerroak:

  • Enpresa ideia garatzeko dirulaguntza: enpresa ideia bat sortzea, aztertzea eta egituratzea ahalbidetzeko dirulaguntza da. Gehienez zortzi pertsonak jaso ahal izango dute laguntza: gutxienez 1.000 euroko laguntza eta gehienez 1.300 eurokoa jasoko du onuradun bakoitzak. Dirulaguntza eskatzen dutenek hainbat baldintza bete beharko dute: langabea izatea –%30eko lanaldia baino txikiagoak onartzen dira–, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, EAEn erroldatuta egotea, iaz JEZ autonomoen erregimen berezian alta emanda egon ez izana, Lanbidek baimendutako erakunde laguntzaileren batek enpresa ideia bat garatzeko antolatzen duen aholkularitza eta laguntza prozesu batean parte hartzea eta Lanbideren dirulaguntzarik ez jasotzea aurreko urteetan.
  • Enpresa proiektu berriak martxan jartzeko dirulaguntza: negozio ideia zehatz bat garatuta eta abian jartzea nahi duten ekintzaileentzat zuzendutako laguntza da. Laguntza hori zortzi pertsonek jasoko dute: gutxienez 1.500 euroko dirulaguntza eta gehienez 1.950 eurokoa emango diote onuradun bakoitzari. Dirulaguntza eskatzen dutenek hainbat baldintza bete beharko dute: langabea izatea –%30eko lanaldia baino txikiagoak onartzen dira–, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, EAEn erroldatuta egotea, iaz JEZ autonomoen erregimen berezian alta emanda egon ez izana, Lanbidek baimendutako erakunde laguntzaileren batek enpresa ideia bat garatzeko antolatzen duen aholkularitza eta laguntza prozesu batean parte hartzea eta Lanbideren dirulaguntzarik ez jasotzea aurreko urteetan.

Ideiak edo proiektuak asteazkenetik otsailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira udaletxean. Aurkeztutako proposamen guztien azterketa, berriz, otsailaren 17an eta 18an egingo dute. Segidan, otsailaren 19an, tutoretza prozesuaren hasierako saioa eskainiko dute. Tutoretza prozesuak bi hilabete inguruko iraupena izango du, eta saio horietan aukeratzen dituzten proiektuen sortzaileek soilik parte hartu ahal izango dute.

Diru-laguntzak jaso eta horien inguruko informazio gehiago eskuratu nahi duenak Lanbidera (945-18 13 42/40) edo personas.emprendedoras@lanbide.eus), Azpeitiko Udalera (943-15 72 00 edo egonzalez@azpeitia.eus) edo Iraurgi Berritzenera (943-85 11 00 edo alarranaga@iraurgiberritzen.eus) jo dezake. Eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan, udaletxean, egin behar dira.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu