Baserritarron Laguna saria jaso du Nikolas Segurolak

Uztarria.eus 2020ko urt. 26a, 16:07

Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) urteko batzarra egin du gaur, igaldea, Urnietan (Gipuzkoa), eta Nikolas Segurola Matxinbentako artzainak Baserritarron Laguna saria jaso du ekitaldian. Segurolak bere bizitzan artzantzaren alde egindako "lan oparoa" eskertzeko asmoz omendu dute matxinbentarra, eta oroigarria eman diote nekazal sindikatuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek (argazkian, goian, eskubitik bigarrena).  

Baserritarron Laguna sariaren helburua da baserritarren zeregina eta baserriaren alde lan egin duten pertsonak aitortzea, eta sindikatuak laugarrenez banatu du sari hori. Aurtengo saridunari dagokionez, ENBAk adierazi du Segurolak "artzainen ogibide eta bizimodu duina" aldarrikatu duela. Era berean, gogoratu du matxinbentarra Gomiztegiko Artzain Eskolaren sustatzaile nagusia izan dela, "artzainen formazioa lehenesteko" eta "etorkizunari begirako oinarriak" ipintzeko asmoz.

Nikolas Segurola Matxinbentako Largarate baserrian jaio zen, 1939an. Haurra zela hasi zen Segurola ardiak zaintzen, baina Arantzazu eta Zarautz artean ibili zen, gero, ikasketak egiten. Arantzazuko Gomiztegi baserrian 400 ardiko taldea jarri zuten; eta, 1997an, artzain eskola egin zuten.

(Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)