Jagoba Beobide Real Unionera itzuliko da

Uztarria.eus 2020ko urt. 22a, 11:22
Jagoba Beobide Real Unioneko ordezkariarekin. (Real Union)

Denboraldi eta erdirako erdietsi du kontratua Espainiako Bigarren B Mailan den Irungo taldearekin. Ez da Beobide Real Unionekin ariko den lehen aldia; aurretik hiru denboralditan talde horretan jokatutakoa da. Joan zen abuztutik azarora bitartean Finlandiako lehen mailako Rovaniemi Palloseura taldean jokatu zuen azpeitiarrak.

Jagoba Beobidek (Azpeitia, 1987) denboraldi eta erdirako kontratua sinatu berri du Real Union taldearekin. Erdilari azpeitiarrak 2022ra arte erdietsi du kontratua, eta beraz, egunotan batuko da Espainiako Bigarren B Mailan dagoen Irungo taldera. Ez da Beobide Real Unionekin ariko den lehen aldia; izan ere, kluba Espainiako Bigarren Mailara igo zen denboraldian, 2008-2009koan, taldean aritu zen, baita 2009-2010 eta 2011-2012 denboraldietan ere.

Joan zen abuztuan Finlandiako lehen mailako Rovaniemi Palloseura taldera joan zen Beobide, eta han hiru hilabete eginda eta denboraldia amaituta, Azpeitira itzuli zen. Finlandiara joan aurretik Burgos taldean aritu zen azpeitiarra, eta Real Unionez gain, Alaves, Racing eta Cordoba taldeetan ere bai.

Mikel Orbegozo azpeitiarra taldekide izango du Beobidek. Dena den, joan zen azaroaz geroztik min hartuta dago Orbegozo aurrelaria; ezker belauneko alboko lotailuan haustura du.