Pausoka-pausoka, bagoaz aurrera

Uztarria.eus 2020ko urt. 21a, 20:47

Karmelo Etxegarai ikastolako kideok aurrera goaz eskola publiko, euskaldun eta inklusiborako bidean pauso sendoak emanez, iparra argi eta begiak zabal-zabalik, gure inguruaz gozatuz eta elkarrekin mundu berriak deskubrituz. Zu ere, gure bidaide!

Sentitu, pentsatu eta ekin

Lehen unean, Haur Hezkuntzako lehen urtean, umea goxo hartuko dugu gure artean. Elkar ezagutzeko behar duen astia emango diogu eta gurasoak bere ondoan izango zarete. Pixkanaka, bidelagun gisa ikusiko gaitu gu ere, eta gure ikastolako unibertsoan murgiltzeko prest egongo da orduan.   

Umeak berezkoa du harritzeko gaitasuna. Eta horixe bizirik mantentzea da gure asmoa. Jolas eginez, haurraren baitan emozioak piztea: pozez hartuko du umeak gazteluko dorre gorenera iristea, urduri jarriko da lehen aldiz bertatik jaisteko txirristan esertzen denean eta harro sentituko da, behean, onik eta salbu dela ikusten duenean.

Hezitzailea bertan egongo da umeak bere sentimendua harekin konpartitu dezan, aukera baliatu nahi izatera. Bere bizipenei hitzak jarriz. Umeari adierazpena sustatuz: ipuinen bidez, mugimenduaren bidez, eraikuntza jolasen bidez, bere barne munduaren zirriborroa egin dezan.

Umea bera ohartuko baita, era autonomoan, bere gaitasunez. Baita bere mugez ere. Eta muga horiek hausteko bidea urratzen saiatuko da, pixkanaka. Horixe baita ikaskuntza. Sentitzea, pentsatzea eta ekitea. Ezagutza era horretara bilatu eta aurkitu dugunean, betirako gordeko baitugu gure gogoan.

Horregatik, bizi esperientzia anitzak proposatzeko egiten dute lan gure hezitzaileek egunez egun. Umeen interesak behatuz eta horren arabera euren eskaintza egokituz. Baliabide ugari euren eskura jarriz: naturako elementuak –hondarra, egurra, ura...–, pieza solteak, birziklatutako materialak...

Ikasleen arreta handitzen dihoan heinean, Haur Hezkuntzako azken urteetan, proiektuak garatzen hasiko gara. Gai batean sakondu nahirik, soka horri helduko diogu eta haur nahiz irakasleok tiraka hasiko gara, sokak jakinduriaren zulo beltzetik zer ekarriko. Hizkuntza eta zenbakikuntzarekin jolasean arituko gara horrela, oharkabean. 

Lehen Hezkuntzara iristerako gure ikasleek badituzte euren baitan hainbat erreminta. Gizartean aritzeko oinarrizko arauak barneraturik, euren emozioak kudeatzeko saioak eginak dira.

Adimen emozionalean sakontzen segituko dute hurrengo zikloetan ere. Ahozko hizkuntzan trebaturik hizkuntza idatzira jauzi egiteko prest daude orain. Naturako elementuen ezaugarriak behatu eta gero, metodo zientifikoaren bidez hipotesiak egiaztatzen saiatuko dira. Eta erratuko dira. Eta hipotesi berriak proposatuko dituzte. Eta bat-batean soluzioa aurkituko dute.

Ingelesean estudio propioan grabatutako bideoak sortuko dituzte. Kamera teknikari arituko dira zenbaitetan, aurkezle lanetan beste batzuetan, baita aktore lanetan ere... baina beti mihia dantzan! 3-2-1, action!

Sukaldera sartu eta a zer usain goxoa! Garaian garaiko jakiak prestatuz ariko dira gure kultura errotuz: taloak eginez, entsaladak atonduz, sagar erreak dastatuz… horretarako aurrez erosketak egingo dituzte, osagai zerrendak osatu, neurriak ikasi, prozesuetan denborak duen garrantziari balioa eman...

Adin artekotasuna lantzeko ziklo bereko ikasleak nahastuta daude gelatan, ikasle bakoitzak duen erritmo eta beharrei erantzun egokiagoa eman nahirik. Eremu bakoitzean, material bereziak, zeregin zehatzak, langintza praktikoak dituzte gure gaztetxoek.

Zutabe edo printzipio hauek oinarri: jolasa, manipulazioa eta esperimentazioa, talde lana, sormena eta irudimena, benetako autonomia, ikasleek aukeratzeko aukera izatea, ikaskuntza aktiboa, eginaz ikasi, gaizki egitea ez da txarra... Ikasleak dira norberaren hezkuntza prozesuaren protagonista eta helburu.

Norabide egokian goaz. Gure Ikastola garatzen ari den berrikuntza pedagogikoak sustatu duen interesak erakarrita, Partekatuz ikasi programaren bidez bisitan datozkigun inguruko nahiz Euskal Herri osoko ikastetxeetako irakasleek eta hezkuntza munduko adituek hala aitortzen digute. Lan handia egin dugu eta aurrerantzean ere, ahalegin betean ariko gara.

Denok elkarrekin

Ikastola eta familien artean elkar trukea bultzatzen dugu. Familiak gure eskolaren parte izatea eta eskolak familien egunerokoan lekua izatea nahi dugu. Gure egunerokoa dokumentatu eta sarean jartzen dugu, denon eskura. Umeei eskolako bizipenak etxean ere agertzeko aukera ematen diegu horrela. Lehen Hezkuntzan ikasleak eurak izanen dira berri emaile, blogaren bitartez nahiz Txalaparta irratiaren emankizunetan. 

Gure familiak dira gure altxorra. Eta beren baitan gordetzen dutena partekatzeko bide ematen diegu, gurasoak, lehengusuak nahiz aiton-amonak gelara gonbidatuz. Hezitzaile eta familien arteko elkarlana ezinbestekoa baitugu ikaslearen garapen osoa lortzeko.

Anitza da Azpeitia, gero eta anitzagoa. Eta halakoxea da gure ikastola. Harro gaude. Elkarrekin egiten baitugu bidea, maldan gora, maldan behera nahiz ordekan, euskaraz, eta berdintasuna ardatz. Izan korrika, oinez edota gurpildun aulkian. Ttipi-ttapa, ttirriki-ttarraka. Ez dago harririk, denon artean mugi ezin denik.

Zatoz gu ezagutzera!

Ate irekiak

  • Haur Hezkuntzan: urtarrilaren 27an eta 28an (Euskal Herria, 50): 09:30ean eta 15:30ean.
  • Lehen Hezkuntzan: urtarrilaren 29an (Perdillegi, 2): 09:30ean eta 15:30ean.
  • Aurrematrikulazioa: urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra.