Emaitza onak lortu dituzte azpeitiarrek Gipuzkoako Taldekako Xake Ligaren bigarren jardunaldian

Uztarria.eus 2020ko urt. 21a, 10:13
BeƱat Aristegi debutaria. (Xaputarrak)

Xaputarrak klubaren bi taldeek irabazi zituzten beren norgehiagokak, Bigarren Mailakoak Beasainen eta Hirugarren Mailakoak Bergaran. Datorren zapatuan, 16:00etatik aurrera, etxean ariko dira azpeitiarrak, ligaren hirugarren jardunaldian.

Garaipen bana batu zuten Azpeitiko xakelariek joan den zapatuan, biak etxetik kanpo, Kutxa Ligaren edo Gipuzkoako Taldekako Xake Ligaren bigarren jardunaldian.

Bigarren Mailan, Domusa Azpeitia A taldeak 1-3 irabazi zuen Beasainen, hango Allfil B taldearen kontrako norgehiagokan. Jose Andres Perezek eta Eneko Alberdik beren partidak irabazi zituzten, eta Cristian Cezar Cretuk eta Patxi Isasmendik, berriz, berdindu. Lehen bi jardunaldiak jokatuta, sailkapenean bigarrenak dira azpeitiarrak sei punturekin, liderrarekin berdinduta.

Hirugarren Mailan, Bergaran, 1,5-2,5 nagusitu zen Domusa Azpeitia B taldea Zaleak taldearen aurkakoan. Iñaki Urangak eta Beñat Aristegik –debuteko partida izan zuen gazteak– irabazi, Miguel Angel Gomezek berdindu eta Alberto Urkiak galdu egin zituzten jokatutako partidak. Aurreneko bi jardunaldietan 3,5 puntu batuta, sailkapenaren laugarren postuan daude azpeitiarrak.

Datorren zapatuan, urtarrilak 25, etxean jokatuko dute bi taldeek. 16:00etatik aurrera, Baigera Ieko laugarren solairuan, Legazpiko Santikutz B taldearekin neurtuko ditu indarrak Domusa Azpeitia A taldeak, eta Eibar B izango da Domusa Azpeitia B taldearen aurkaria.