"Ez gaude ohituta Sanagustin bezalako agertoki handietan jotzera"

Uztarria.eus | Kultura
2020ko urt. 17a, 11:15

113 bala diskoa aurkeztuko du zuzenean Azpeitiko Baserriko Ollaxkue Labien punk taldeak bihar, Sanagustin kulturgunean. Haien ondoren, Barakaldoko Distorsion talde beteranoak emango du kontzertua.

Baserriko Ollaxkue Labien punk taldeak etxean aurkeztuko du disko berria bihar. Sanagustinkulturgunean ariko da, 22:30etik aurrera, Barakaldoko (Bizkaia) Distorsion taldearen aurretik; kontzertua doakoa izango da. "Oso gustura jaso genuen proposamena. Egia esan, harritu egin gintuen; ezusteko ederra izan zen. Distorsion izena duen taldea da, nahiz eta nik ez ditudan gehiegi jarraitu, eta beraiekin jotzeko gogoz gaude", adierazi du Alex Margüello gitarristak.

Laukoteak 113 bala lana kaleratu zuen udan, eta bertan bederatzi abesti bildu ditu: Sutu elizak, 113 bala, Dena iluntzerakoan, Kutsatuta zaude, Vas a morir, Primus turistificasti me, Garaiak aldatu dira, Azpeiti desegin eta Ultimos makarras; azken abesti hori lehen diskoan jaso zuten, eta orain berriz grabatu dute. Bestalde, hamargarren kantu bat ere badago ezkutuan, Paralisis Permanenteren bertsio bat.

Apirila bukaera aldean grabatu zituzten abestiak Oiartzungo (Gipuzkoa) Ugaldetxoko eskoletan, pare bat asteburutan, Aitor Apurturen gidaritzapean. Ondoren, lagunak dituzten Teletetxo Rekordsen eta Mal Mai Recordsen eskutik argitaratu dute diskoa, eta sei euroan dago salgai.

Joan den larunbatean abesti berri bat grabatzen aritu ziren, Euskal Herriko hainbat punk oi! taldek parte hartuko duen Kaosa Euskal Herrian disko bildumarako. "Nahiko buru-belarri aritu gara zeregin horretan, eta kontzerturako entseguak apur bat utzita izan ditugu. Edonola ere, taldea egoera onean dagoela uste dut". Abesti berriak Morroi zikina izena du, eta biharko kontzertuan joko dute, disko berriko abestiekin eta zenbait bertsiorekin batera.

Azkoitiko Zakela tabernan aurkeztu zuten diskoa azaroaren hasieran, eta orain beste horrenbeste egingo dute herrian. "Ez gaude ohituta Sanagustin bezalako agertoki handietan jotzera. Festetan eta karpatan jo izan dugu pare bat aldiz, jende pixka baten aurrean, baina normalean oholtza txikietan jotzen dugu: gaztetxeetan, tabernetan eta halakoetan. Beraz, alde horretatik, berria izango da guretzat", eman du jakitera taldekideak.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Gabiriko Pablo | 2020-01-17 : 16:27

Punk pirolitikoa

Kontziente | 2020-01-18 : 14:50

Pirolisis Permanente

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu