Naziogintza taldeak Euskal Errepublikaren Eguna egingo du apirilean Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko urt. 15a, 15:27
Naziogintza taldearen ikurra.

1931ko apirilaren 17an, Espainiako Estatuan errepublika ezarri eta egun gutxira, Azpeitiko Udalak aho batez euskal errepublika aldarrikatu zuen. Naziogintza taldeak gertaera historiko horri tiraka antolatuko du Euskal Errepublikaren Eguna, oroimen historikoa berreskuratzea xede. Euskara eta euskalduntasuna ardatz dituen talde independentista da Naziogintza, Euskal Herri mailakoa. "Ezustekorik ezean", apirilaren 25ean egingo dute Euskal Errepublikaren Eguna Azpeitian. 

Duela bi urte inguru sortu zen Euskal Herrian Naziogintza taldea, euskara eta euskalduntasuna ardatz dituen mugimendu independentista. Orain, apirilean Azpeitian Euskal Errepublikaren Eguna ospatzeko antolaketa lanetan dabiltza Naziogintza taldeko ordezkariak. Ekimenak gertaera historiko bat du oinarrian. Naziogintzako ordezkariek azaldu dutenez, 1931ko apirilaren 17an, Espainiako Estatuan errepublika ezarri eta egun gutxira, Azpeitiko Udalak aho batez euskal errepublika aldarrikatu zuen. Gertaera hori ardatz hartuta eta euskal errepublikaren aldarriarekin uztartuta antolatuko du Naziogintza taldeak Euskal Errepublikaren Eguna, oroimen historikoa berreskuratzea eta gertaera hura ezagutaraztea xede. Era berean, "euskal errepublikaren beharra" sozializatu nahi dute sustatzaileek.

Josu Albero Naziogintzako kide da, eta hark azaldu duenez, Euskal Errepublikaren Eguna iaz egitea zen Naziogintza taldeko ordezkarien asmoa. Hainbat arrazoi tarteko, data atzeratzea erabaki zuten: "Hauteskundeak izan ziren sasoi hartan, eta azkenean hitzordua atzeratzea erabaki genuen", azaldu du. "Ezustekorik ezean", apirilaren 25ean egingo dute Euskal Errepublikaren Eguna Azpeitian. Alberok azaldu duenez, Azpeitikoa ez zen euskal errepublika aldarrikatu zuen udal bakarra izan. Alberoren hitzetan, Euskal Herriko beste hamasei udalek ere euskal errepublika aldarrikatu zuten 1931ko apirilean. Hori dela eta 1931ko ebazpen hura onartu zuten udalak apirileko egunera gonbidatuko dituzte. 

Naziogintza taldea ez da Euskal Herrian euskal errepublikaren alde lanean ari den talde bakarra. Duela hilabete batzuk sortu zen euskal errepublika helburu duen Ehun mugimendua. Bi talde desberdin dira eta ekitaldi mota desberdinak antolatzen dabiltza. Dena den, helburu bera dute, eta Naziogintza taldeko kideek azaldu dutenez, "harreman ona" dago bi mugimenduen artean: "Guk ez genekien haien [Ehun taldekoak] berri, eta haiek ere ez zuten gure berri. Dena den, orain badakigu helburu bera jomuga duten bi talde bagaudela, eta harremanetan gaude".