Hotzari aurre eginez, herritarrek harrera beroa egin diete Errege Magoei

Uztarria.eus 2020ko urt. 5a, 20:57

Herrira iritsi diren unearen ostean atseden pixka bat hartuta, 19:00etan hasi dute Errege Magoek ohiko kabalkada. Igerilekuaren aurretik atera diren Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek hainbat gaztetxo eta musikari izan dituzte lagun ibilbidean, eta kalez kale ibili dira gozokiak banatzen eta haurren eskaerak jasotzen. Hotzak ez ditu kokildu herritarrak, eta desfilea hasterako jendetza batu da plaza inguruan nahiz Alde Zaharreko kaleetan. Aurten ere 600 kilo gozoki banatu dituzte, eta gaztetxoek gustura bildu dituzte horiek. Ondoren, plazan egin dute geldialdia erregeek, eta herritar ugari izan dira haiei azken eskaerak egiten eta haiek udaletxeko balkoitik esanak entzuten.