Ezpalak eta Kaskezur taldeen kontzertuak izango dira zapatuan Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2020ko urt. 2a, 13:09

Kontzertuak 22:30ean hasiko dira, eta sarrera doan izango da. Eñaut Gaztañagak, Unai Eizagirrek, Xabi Arrietak eta Juanjo Berasainek osatutako taldea da Ezpalak, eta izen bereko diskoa aurkeztuko dute Sanagustinen. Kaskezur Baztango rock taldea da, eta Ihesi doaz animaliak diskoan jasotako abestiak eskainiko dituzte, besteak beste, zapatuan.

Sanagustin kulturguneko agendako ekitaldiek ez dute etenik. Datorren zapatuan, urtarrilak 4, kontzertuak eskainiko dituzte Ezpalak eta Kazkezur taldeek, 22:30ean hasita. Sarrera doan izango da.

Ezpalak 2019an sortutako taldea da. Grises taldeko kide Eñaut Gaztañagak (gitarra eta ahotsa), Voltaiako Unai Eizagirrek (bajua eta ahotsa), Bultz eta Passepartouteko Xabi Arrietak (bateria) eta Los Mothseko Juanjo Berasainek (ahotsa) osatutakoa. 90. hamarkadako Rock alternatiboko taldeekiko duten pasioak eraman zituen lau musikariak elkarrekin taldea osatzera. Fuzz soinuak eta riff indartsuak ahots melodikoekin nahastu dituzte bederatzi abestiz osatutako diskoan. Ezpalak izeneko diskoaren grabaketak Zestoako Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioetan egin zituzten. Orain, oholtzetara igotzeko irrikitan daude.

Kaskezur, berriz, Baztango rock taldea da, 2003an sortutakoa. Imanol Zubieta (baxua), Mikel Santxezek (bateria), Ion Mindek (gitarra eta ahotsak) eta Iñigo Belzunegik (gitarra eta ahotsak) osatzen dute Kaskezur, eta zapatuko emanaldian Ihesi doaz animaliak diskoan jasotako abestiak eskainiko dituzte. Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko diren bigarrengo aldia izango da.