San Silbestre lasterketako dortsalak, agortuta

Uztarria.eus 2019ko abe. 30a, 11:03
Iazko San Silbestre lasterketako irudi bat.

Agortu dira XIX. San Silbestre lasterketako dortsalak. Urrian zabaldu zuen probran izena emateko epea Xeye atletismo taldeak, eta Kirolprobak.com webgunean salgai jarritako dortsal guztiak saldu dituzte. Beraz, egunean bertan ez da dortsalak erosteko aukerarik izango. 

Ohi bezala, aurten ere San Silbestre lasterketa izango da urteko azken egunean, Xeye atletismo taldeak antolatuta. Aurtengoa probaren hemeretzigarren edizioa izango da, eta sei kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Azpeitiko plazatik abiatu eta herrian zehar bi itzuli egin beharko dituzte, 12:00etan hasita. Dagoeneko agortu dira lasterketan parte hartzeko dortsal guztiak; guztira, 700 dortsal banatu ditu atletismo taldeak korrikalarien artean, eta sarean guztiak agortu direnez, bihar, hilak 31, ez da dortsalak eskuratzeko aukerarik izango.

Proba amaitzean, maila guztietako irabazleei sariak banatuko dizkiete, eta parte-hartzaileen artean zozketak ere egingo dituzte. Lasterketa herrikoiaren aurretik, azken urteetan bezala, Txolarte elkartearekin elkarlanean antolatzen duten lasterketa irekia egingo dute. Inklusioaren aldeko ekitaldia izango da, eta lasterka ez ezik, oinez ere egin ahal izango dute animatzen direnek. Lasterketa irekiak ez du sailkapenik izango, eta ez da izenik eman beharko parte hartzeko. 11:30ean egingo dute lasterketa irekia.