Matxin III.ari eta Barrenetxea IV.ari ihes egin die txapelak

Uztarria.eus 2019ko abe. 29a, 11:59

Partidan zehar hainbat tanto atzetik egon arren, Urrizak eta Larrañagak partidari buelta ematea lortu zuten, eta 40-37 irabazi zieten Matxin III.a matxinbentarrari eta Barrenetxea IV.ari Erremonteko Binakako Txapelketa. Atzo, hilak 28, jokatu zen txapelketaren finala Galarreta pilotalekuan (Hernani, Gipuzkoa) eta lehian zehar hainbat tentsio une bizi izan zuten erremontistek, markagailuak pare-parean ibili baitziren. Hain zuzen ere, Matxin III.a eta Barrenetxea IV.a 30 tanto egitera iritsi ziren, eta ordura arte partidan aurretik ibili ziren. Horren ostean, ordea, Urrizak eta Larrañagak markagailua irauli zuten.

Xuban Oiarzabal Matxin III.a "atsekabetuta" agertu zen finalaren ostean: "Ongi hasi gara Urrizari eusten eta abantaila polita hartu dugu. Gogortu egin zaigu partidua, saiatu gara eusten, baina ezin izan dugu irabazi. Gaur bi atsekaberekin noa etxera: bat, txapela ezin izan dudalako irabazi, eta bestea, jaso dudan pilotakadarengatik. Ahal duguna egin dugu, eta alde horretatik gustora noa etxera", azaldu zuen matxinbentarrak partidaren ostean.

(Argazkiak: Oriamendi)