Ziegetan daudenak gogoan, jendetza elkartu da plazan preso, iheslari eta deportatuak etxean nahi dituztela aldarrikatzeko

Uztarria.eus 2019ko abe. 24a, 21:53

Kalera dinamikak deituta, jendetza elkartu da gaur, Eguberri bezpera, Azpeitiko plazan Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow preso azpeitiarren nahiz gainerako euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko. Urtero egin ohi duten bezala, mahai hutsen bueltan elkartu dira elkarretaratzearekin bat egin duten ehunka lagunak. Aurten bi mahai huts jarri dituzte plazan, eta horietako bakoitzean preso dauden bi herrikideen argazkiak ipini dituzte. Bi kidek hartu dute hitza ondoren, eta gogoan izan dituzte gaurko egunez nahiz urteko gainerako egunetan etxetik urrun, ziegan, dauden euskal presoak. Azaldu dutenez, gaur egun "246 ohe huts" daude Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan, senideengandik urrun dauden 246 preso. Zenbaki horren atzean, baina, jende eta familia asko dagoela azpimarratu dute, eta dispertsioaren ondorioak gaur egun ere nabariak direla salatu dute. Horren harira, gogoan izan dute Urbieta bisitatzera bidean haren lagun batek izan zuen auto istripua, eta sakabanaketarekin amaitzeko galdegin dute. Halaber, "euskal preso guztiak etxean izan arte" lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.

Hitzartzea amaitzean, plazan elkartutako herritarrek Hertzainak musika taldearen 564 abestia kantatu dute elkarrekin, gaur egun hutsik dauden 246 ohe hutsei keinu eginez. Urtez urte egin ohi duten bezala, Hator, hator abestia kantatuz eman diote bukaera gaurko ekitaldiari, Azpeitiko zein Euskal Herriko presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzea eskatuz. Era berean, datozen egun eta hilabeteetan presoen eskubideen alde egingo dituzte mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Abenduaren 27an, azken ostirala izanik, hilero egin ohi duen elkarretaratzea gauzatuko du Sarek plazan (19:00). Abenduaren 28an, berriz, Donostian izango da Sarek deitutako presoen eskubideen aldeko manifestazioa, eta hilaren 31n, Urtezahar egunean, Azpeitian. Azken urteetako moduan, igerilekutik aterako da manifestazioa 18:30ean.

Bilbon urtero egin ohi den presoen eskubideen aldeko aurtengo manifestazioa urtarrilaren 11n izango da, 17:00etan, eta dagoeneko eros daitezke hara autobusez joateko txartelak Nizan eta Orkatzen.