Festaz eta ekintzaz beterik datoz Gabonak

Uztarria.eus 2019ko abe. 16a, 18:46
Herriko hainbat eragilek aurkeztu dituzte Gabonetako ekintzak.

Santo Tomas egunarekin, festa giroan murgilduko da Azpeitia. Abenduaren 24an, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita jasoko dute herrian. Eguberrietako oporretan, haurrentzako eta gaztetxoentzako ekintzak izango dira; gainera, Gabonetako parkea zabalduko dute abenduaren 26an, 27an eta 28an. Ohi baino haurrentzako film gehiago emango dituzte Soreasun. Erregeak ere etorriko dira.

Aste berezia da hasi berri dena. Izan ere, astea bukatzerako Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita jasoko dute herriko ikastetxeetan, eta Santo Tomas eguna ere larunbatean ospatuko da herrian. Gainera, haurrek oporrak hartzearekin bat, Azpeitian hamaika ekintza izango dira, herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatuta. Horien inguruko xehetasunak eman dituzte gaur Azpeitiko udaletxean herriko eragileek egin duten agerraldian: bertan izan dira, besteak beste, udaleko, herriko ikastetxeetako, Juan Antxieta musika eskolako, Bertan merkatarien elkarteko, Kulturaz kooperatibako, Marea Urdina elkarteko eta Gazteria Saileko ordezkariak.

Mikel Odriozola Festa batzordeburuak Santo Tomas eguna aipatu du lehenik. "Datorren abenduaren 21ean, urtero bezala, Santo Tomas eguna ospatuko dugu. Baserritarren azokak eta txorizo eta talo postuek hartuko dute plaza goizetik eguerdira arte. Festa giroa izango da nagusi egun osoan zehar, eta pilota partidak, herri kirolak, bertsolariak.... izango dira ikusgai". Arratsaldean, berriz, Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa izango da Sanagustin kulturgunean.

Erraldoien erreplika arrakastatsuek ere izango dute lekurik San Tomas egunean; hain zuzen ere, 12:30 aldera jarriko dituzte horiek salgai, plazan. Udaberrian bi erraldoiren erreplikak jarri zituzten salgai, eta uztailean beste bi ere kaleratu zituzten. San Tomas egunean lau erraldoiak eskuratzeko aukera izango da; pertsona bakoitzak bi laukote erosteko aukera izango du. Erraldoi batek zazpi euro balio du, bi erosten dituenak hamabi euro ordaindu beharko du, eta 24 euro kostatuko dira laurak.

Erasorik gabeko festak

Festen harira, "arduratzen duen gai bat" izan du hizpide Odriozolak: erasoena.  "Herritarrei aske bizitzeko eta ingurukoak ere aske sentiarazteko deia egiten diegu, eta Azpeitian erasoek ez dutela tarterik azpimarratu nahi dugu", esan du. Ildo horretatik, indarkeria sexistarik gabeko arreta eta informazio gunea jarriko du udalak San Tomas egunean Gazte Informazioa Bulegoan, 12:30etik 16:30era eta 20:00etatik 05:00etara. Horrez gain, telefono bidezko arreta zerbitzua ere eskainiko dute 20:00etatik 08:00etara, 688 75 10 00 telefono zenbakian.

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera

Santo Tomas egunaren ondoren, Gabon garaia iritsiko da, eta Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira herrira, abenduaren 24an. Iaz, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera indartu zuten ikastetxe guztiek eta udalak elkarlanean, eta hala, pauso garrantzitsua eman zuten. "Eguerdi oso polita izan zen iazkoa, arrakastatsua, eta aurtengoan ere horrela izan dadin espero dugu", esan du Festa batzordeburuak. Ikastetxeetako haurrek, Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta Itsasikoek lagunduko diete kalejiran Olentzerori eta Mari Domingiri. 11:45ean San Martin egoitzara joango dira guztiak elkarrekin, bertako aitona-amonei bisita egin eta gaztainak ematera. Ondoren, 12:30ean, kalejiran abiatuko dira plazara. Plazan, haurrek bertsoak kantatuko dizkiete Olentzerori eta Mari Domingiri, eta ondoren, haiek agurtzeko, gutuna emateko nahiz gaztaina batzuk eskuratzeko aukera izango dute haurrek zein helduek.

Haur eta gaztetxoentzako ekintzak

Urte bukaerarako, askotariko ekintzak antolatu ohi ditu udalak haurrentzat eta gaztetxoentzat, eta aurtengoan, abenduaren 23an, 26an, 27an eta 28an izango dira ekintza horiek. Azpeitian eta Urrestillan HH5etik LH6ra bitarteko haurrentzako jarduerak izango dira, eta ikastetxeen bidez egin den izen ematean 250 lagunetik gora apuntatu dira. Egun horietan, adinaren arabera banatuta, askotariko ekintzak izango dira, eta irteera bat ere egingo dute; txikienek Olentzeroren etxera, eta helduagoek Basondo animalien erreserbara.

Gaztelekuko nerabeek, DBH1etik Batxilergoko bigarren mailara artekoek, ere izango dute zertaz gozatu. Abenduaren 23an, Gazteak eta musika jarduera izango da; ekintza librea izango da hori, eta nahi duenak parte hartzeko aukera izango du. Abenduaren 26an, berriz, Txuri Urdinera egun osoko irteera egingo dute, eta hilaren 27an, pintxo lehiaketa.

Gabon parkea, berrikuntzekin

Abenduaren 26an, 27an eta 28an, goizez eta arratsaldez izango da zabalik aurtengo Gabonetako haur parkea, Izarraitz pilotalekuan. Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak azaldu duenez, aspalditik egin nahi zituzten aldaketak egitasmo horretan, eta aurten egin dituzte. Hiru egun horietan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da zabalik parkea, eta eguneko sarrera bi euro ordaindu beharko da. Gainera, Bertaneko dendetan erosketak egitean paseak lortzeko aukera izango da. Horrez gain, abenduaren 26an eta 28an Txan Magoaren ikuskizuna izango da parkean, eta globoekin irudiak sortzen ikasteko tailerra ere eskainiko dute.

Parkea inklusiboagoa egiteko asmoz, Gabonetako parkerako lehentasun txartela eskuratzeko aukera izango da udaletxean; Marea Urdinarekin elkarlanean jarri dute martxan egitasmo hori. "Txartel horien bidez aniztasun funtzionala dutenek ez dute ilararik egin beharrik izango. Gainera, aniztasun funtzionala dutenentzako ordutegi berezi bat ere jarriko dugu", azpimarratu du Aldalurrek.

Kultura, familian

Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kulturaz kooperatibak ere Gabonak familia giroan gozatzeko eskaintza prestatu du. Hala, abenduaren 22an eta 23an Frozen II ikusteko aukera izango da, 16:30etik aurrera; abenduaren 28an eta 30ean, La familia Adams emango dute. Hilaren 28an 18:00etan izango da ikusgai La familia Adams, eta hilaren 30ean 16:30ean. Urtarrilaren 4an eta 6an, berriz, Lego II filma emango dute, 16:30ean hasita. 

Zinemaz gain, abenduaren 29an emanaldi berezi bat ere izango da: Erraiak. Garazi Pascualek Azpeitian sortutako obra da hori. "Kable gainean oreka mantentzen da abila Pascual, eta hori egiten du, Gure Zirkuan, besteak beste. Erraiak obran, baina, kable gaineko dantza, antzerkia eta musika uztartu ditu", esan du Agustin Jimenez Kulturazeko ordezkariak. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude.

Erregeen laguntzaileak eta kabalkada

Baigera jubilatuen elkarteak antolatuta, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeen laguntzaileak gutunak jasotzen izango dira urtarrilaren 4an, udaletxearen azpian, 17:30etatik aurrera. Urterrilaren 5ean, berriz, Errege Magoak etorriko dira. 17:00 inguruan, Lasaora iritsiko dira hiru erregeak, eta iaz bezala, txu-txu trenean egingo dute Azpeitirako bidea. 17:30ak aldera, parrokiara joango dira, hango jaiotza ikustera eta haurrei kasu egitera. Ondoren, 19:00etan, igerilekutik erregeen kabalkada hasiko da. Urtero bezala, herriko ikastetxeetako gaztetxoek lagunduko diete ibilbidea egiten. Igerilekutik plazara bitartean 600 bat kilo gozoki banatuko dituzte herritarren artean. 20:00 aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoitik herritarrak agurtuko dituzte.