Kulturartekotasunaren Festaz gozatu dute Urola Ikastolan

Uztarria.eus 2019ko abe. 16a, 14:05

Joan zen ostiralean, hilak 13, Kulturartekotasunaren Festa ospatu zuten Urola Ikastolan dabiltzan hainbat jatorritako ikasleek, Eramus + proiektuko eta Bizikidetzako arduradunek antolatutako Kulturarteko Astearen barruan. "Hitzordu berezi bezain ederra" izan zela kontatu dute antolatzaileek, munduko hainbat txokotatik Azpeitira etorritako ikasleak eta haien familiak izan baitziren protagonistak. Frontoian egin zuten jaialdia, eta han jarri zituzten postuak jaialdian parte hartzera animatu ziren lagunek. Besteak beste, Algeriatik, Boliviatik, Mexikotik, Ekuadortik, Hondurastik eta Saharatik etorritako lagunak izan ziren jaialdian, eta beren kulturan ohikoak diren berezitasunak erakutsi zizkieten gainerako ikasleei eta irakasleei. Jai giro ederra lagun, askotariko jakiak eta edariak, eskulanak, tailerrak, jantziak... dastatzeko eta ezagutzeko aukera izan zuten Kulturartekotasunaren Festan. 

(Argazkiak: Urola Ikastola)