Edurne Agirre: "Euskaldun gehienon gailuak erdaraz daude"

Uztarria.eus 2019ko abe. 10a, 11:34
Edurne Agirre, Donostiako Tabakalerako eskaileretan. Han du egoitza Euskal Wikilarien Elkarteak. (Aiora Mujika)

Lanik, zereginik eta asmorik ez zaio falta Euskarazko Wikipediaren bueltan sortutako elkarteari. Horietako batzuk azaldu ditu Agirrek, Euskal Wikilarien Elkarteko administrariak, 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian Mailo Oiarzabal kazetariak egindako elkarrizketa honetan.

Betiko entziklopedien liburukote potoloak hauts artera kondenatu ditu Wikipediak, Interneteko eduki askeko entziklopediak. Euskarak badu bere tokia Wikipedian eta horretan ardura handia du Euskal Wikilarien Elkarteak. Duela bi urte hasi zen elkartean lanean Edurne Agirre (Azpeitia, 1993) eta "osasuntsu" ikusten du azpeitiarrak Wikipediako euskal komunitatea.

Zer da Euskal Wikilarien Elkartea?

Boluntarioak ibiltzen ziren Euskarazko Wikipedia elikatzen, idazten eta ekarpenak egiten, modu indibidualean. Boluntario horietako batzuek sortu zuten elkartea: interes komuna zuten horren bueltan elkartzeko eta indarrak batzeko, alde batetik; eta egitasmo berriak aurrera ateratzeko, bestetik. 2016an sortu zuten elkartea. Hasieran, gauza gutxi egiten zituzten. Eusko Jaurlaritzarekin hezkuntza proiektua garatzeko hitzarmena egin eta dirulaguntza lortu zutenean, lan bolumena asko handitu zitzaien. Konturatu ziren boluntarioekin bakarrik ezin zituztela proiektuak aurrera atera eta lantalde bat sortu zuten.

Zenbat kide ditu elkarteak? Eta zenbat lantaldeak?

Momentu honetan, 32-33 kide izango dira. Elkartea guztiz irekia da, eta gure webgunean aurkituko du nahi duenak bazkide egiteko aukera. Langileak, berriz, hiru gara, eta hezkuntza proiektua gauzatzea da, nagusiki, gure eginkizuna.

Zer da hezkuntza proiektua eta nola ari zarete gauzatzen?

Nirea administrazio lana da, dirulaguntzak kudeatzea dagokit. Nire bi lankideak gehien bat unibertsitateetara joaten dira, ikasleekin artikulu sortak lantzera. Ikasleek, beren ikasketa zerrendan landu behar dituzten gaiak erabiltzen dituzte Wikipediarako artikuluak sortzeko. Ikasleek lana paperean eman eta gero lan hori tiradera batean gorde beharrean, irakaslearekin adosten dute lan hori Wikipediarako idaztea. Batzuetan, ebaluaketa sisteman sartuta dago; beste batzuetan, puntu gehigarriak ematen ditu; eta beste batzuetan, derrigorra dute ikasleek Wikipediarako lanak idaztea. Irakasle bakoitzarekin kudeatzen da gaitegia, nola landu nahi duen edo nola ez. Nire lankideek laguntza teknikoa eskaintzen diete. Eusko Jaurlaritzarekin Euskal Curriculuma oinarri hartuta sortu genuen artikulu zerrenda bat dugu; laster iritsiko da zerrenda bi mila artikulura. Gure helburua da artikulu horiek ahalik eta ondoen egotea; zenbat eta ikasle gehiagok idatzi horri buruz, zenbat eta iragazki gehiago pasatzen duten edukiek, hobeto.

Zer jasotzen du jaurlaritzarekin duzuen hitzarmenak?

12 eta 16 urte arteko ikasleek behar dituzten edukiak kalitatezkoak izatea, hori da hitzarmena egiterakoan ezarri zen hasierako helburua; mila artikulu egitea zen hasierako helburua, baina dagoeneko bi milara iritsi gara. Lehendik zeudenak zuzendu, falta direnak sortu, eta sortzen diren horiek ulergarriak eta didaktikoak izatea; hori da, laburtzeko, egiten den lana. Bi urteotan 2.500 bat ikasle ibili dira artikuluak sortzen, eta guztien artean Euskarazko Wikipedian dagoen edukiaren %5 sortu dute; bada zerbait. Horrez gain, iaz Txikipedia egitasmoa jarri genuen martxan. Hezkuntza proiektuan sartzen diren adin tartekoek ez ezik, ikusten genuen txikiagoek ere kontsultatzen zutela Wikipedia, baina zailtasunak zituztela aurkitzen zituzten edukiak ulertzeko. Horregatik sortu dugu Txikipedia, eta Euskarazko Wikipedian txertatu dugu. Momentu honetan ia bi mila artikulu dauzka Txikipediak,

Zer beste egitasmo dituzue esku artean elkartean?

Hezkuntza proiektua da gaur egun elkartearen zutarri nagusia, zalantzarik gabe, eta dedikazio gehien eskatzen diguna. Gero, elkarteko boluntarioek badituzte martxan beste egitasmo batzuk ere. Bestalde, joan den apirilean nazioarteko biltzar bat egin genuen, mundu mailan gure antzeko lanetan dabilen jendea, hezkuntza eta Wikipedia lantzen dituena, elkartzeko. 50 herrialdetatik etorritako 120 bat lagun elkartu ginen Donostian. Aurtengo erronka nagusietako bat izan da komunitatea indartzeko asmoz egindako biltzar hori.

Wikipedia da informazio iturri erabilienetakoa gaur egun. Euskaraz ere bai?

Bai. Interneten bilaketa bat egiten duzunean, agertzen diren emaitzen artean, lehenena ez bada, hiru lehenetako bat izango da Wikipediaren gai horren gaineko sarrera. Informazioa bilatzerakoan, beraz, gunerik kontsultatuena dela esan dezakegu, baita euskaraz ere. Hala ere, kontuan hartzen badugu euskaldun gehienon gailuak, ordenagailuak zein mugikorrak, erdaraz konfiguratuta daudela, bisita pila bat galtzen dira, argi dago. Horren adibide nabarmena da Herri txiki, infernu handi saioarekin gertatzen dena: saio bakoitzean agertzen den herriaren izena hiru aldiz gehiago kontsultatzen da gaztelaniazko Wikipedian, euskarazkoan baino. Eta saioa euskaraz da eta hori ikusten ari den jendea euskalduna da. Argi dago jende horrek kontsumituko lituzkeela euskarazko edukiak; baina gailuak erdaraz badituzte, horiek eskainiko dieten lehen aukera erdarazko Wikipediarena da, eta ez euskarazkoarena.

Garrantzitsua da, beraz, euskaldunok gailuen hizkuntzen konfigurazioan arreta jartzea?

Bai, dudarik gabe. Euskarazko edukiak kontsumitzea nahi badugu, bilaketetan aurreneko emaitzak euskarazkoak izatea nahi badugu, geu gara horren aldeko hautua egin dezakegunak: gailuak euskaraz konfiguratzen baditugu, euskarazko emaitzak agertuko zaizkigu lehen tokietan.

Gailua erdaraz konfiguratuta badago, Euskarazko Wikipediaren emaitzak agertu ere ez dira egingo?

Bilatu duzun artikulu hori euskaraz soilik baldin badago, bai, noski. Baina, adibidez, bilatzailean herri baten izena jartzen baduzu, eta gailua ez badaukazu euskaraz konfiguratuta, erdarazko emaitza azalduko zaizu; barrura sartutakoan egingo duzu, agian, hizkuntzaz aldatu eta euskarazko sarrera irakurtzeko hautua.

Zenbat artikulu ditu Euskarazko Wikipediak?

Egunero aldatuz doan datua da hori. Uneotan, 340 mila artikulutik gora daude.

Eta zenbat bisita?

Eguneko 100.000 inguru.

Zenbaki onak al dira?

Bai. Euskaraz dauden webguneen artean kontsultatuena da Wikipedia. Gaur egun euskara 29. hizkuntza da Wikipedian, eduki kopuruari erreparatuta. Turkierak eta malaisiarrak aurrea hartuko digute laster, eta 31. tokian geldituko gara. Eta munduko hizkuntzen mapan euskara ez da, inondik ere, 31.na. Alde horretatik, beraz, balorazioa positiboa da. Dena den, badakigu zenbaki horiek askoz handiagoak izango liratekeela, aipatu dugun gailuen hizkuntzen konfigurazioaren kontua aldatuko balitz. Nabarmentzekoa da, era berean, bisita horien guztien artean kopuru handi bat ikasleek eginak direla. Badakigu ikasleek asko kontsultatzen dutela Euskarazko Wikipedia, eta horregatik ematen diogu garrantzi berezia haiek kontsultatzen dituzten artikuluak kalitatezkoak izateari. Jaurlaritzak ere kezka bera zuen, eta hortik etorri zen hitzarmena.