'Egunean Behin' jokoaren finalean parte hartzeko izena eman daiteke

Uztarria.eus | Euskara
2019ko abe. 4a, 17:34

Finalean 150 lagunek parte hartu ahal izango dute. Astez aste sailkepeneko lehen postuetan sailkatu diren herritarrek jaso dute gonbidapena, eta parte hartzeko eskaera egiten duten herritarren artean zozkatuko dituzte gainerako gonbidapenak. Finala abenduaren 14an, larunbatez, izango da Sanagustin kulturgunean, 12:00etan.

Arrakasta itzela izan duen Egunean Behin tribial jokoaren bigarren denboraldiaren finala Sanagustin kulturgunean izango da datorren abenduaren 14an, larunbatez, eta finalean parte hartu nahi duten herritarrek eskaera egin dezakete dagoeneko. Izena emateko abenduaren 9ra arteko epea jarri du jokoa garatu duen CodeSyntax enpresak; honako lotura honetan egin daiteke gonbidapen eskaera.

Finaleko parte-hartzaile kopurua mugatua da; 150 lagunek aritu ahalko dute lehian. Denboraldian zehar, astez aste jokoaren sailkepeneko lehen postuetan sailkatu diren herritarrei egin diote dagoeneko finalerako gonbidapena, eta parte hartzeko eskaera egiten duten herritar guztien artean zozkatuko dituzte finalerako gainerako gonbidapenak. Izen-emate orria betetzerakoan hainbat galdera egiten dituzte jokoaren sustatzaileek, jatorri eta sexu aniztasuna bermatu nahi dituztelako.

Kike Amonarrizek gidatuko du 12:00etan hasiko den saioa. Parte-hartzaileek lehenago joan beharko dute Sanagustinera; izan ere, horien izenak hartuko dituzte antolatzaileek, horiei finalerako aulkiak banatzeko. Finala zuzenekoa eta aldiberekoa izango da: txanda batean baino gehiagotan jokatuko dute herritarrek, baina herritar guztiek aldi berean galdera berak erantzungo dituzte.

Otarre bat eskuratuko du finalaren irabazleak, eta astero gisan, parte-hartzaileen artean beste saski bat ere zozkatuko dute. Domusa enpresak babestu dute finala, eta beraz, kooperatibak horrek osatuko ditu otarreak.

Hirugarren denboraldia

Egunean Behinen bigarren denboraldia ez da finalarekin bukatuko. CodeSyntax enpresako kideek azaldu dutenez, abenduaren 14a igarota ere, beste bi astez segituko du jokoak ohiko dinamikarekin. Denboraldiko azken joko-eguna abenduaren 29a, igandea, izango da. Dena den, urtarrilaren 27an jarriko dute martxan hirugarren denboraldia.

Gaur-gaurkoz, 44.000 lagun baino gehiago ari dira Egunean Behin jokoan parte hartzen. Jokoa garatu duen CodeSyntax enpresako kidea da Josu Azpillaga informatikari azpeitiarra, eta honako lotura honetan irakur daiteke hari duela hilabete batzuk Berrian egindako elkarrizketa.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu