Jauziek elkartuta

Uztarria.eus 2019ko abe. 3a, 17:17
Adin ezberdinetako dozenaka lagun elkartzen da egunero Garmendikampen. (Maialen Etxaniz)

Duela sei urte hasi ziren dirt jump kirola praktikatzeko Garmendikamp egokitzen. Orain, bizi-bizirik dagoela  diote. Berrikuntzak dituzte helburu, eta horietaz ere hitz egin dute han ibiltzen direnek Maialen Etxaniz kazetariarekin, 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportaje honetan.

Orain dela sei urte ekin zioten Garmendikamp gunea egokitzeari Azpeitiko hainbat gaztek. Dirt jump kirola praktikatzeko gogoak elkartu zituen, eta grinei izkin egin gabe, lanean hasi ziren beren kabuz. Udalean baimenak eskatuta eta ordu luzez lanean arituta lortu zuten Garmendi auzoan dagoen lur sailari itxura ematea. Dagoeneko lau urte igaro dira hondeamakinak gaur egun Garmendikamp dagoen lekura sartu zirenetik, eta orduz geroztik, ugari izan dira bertatik igaro diren lagunak. Denborarekin, belaunaldi aldaketa egon dela uste du Iñigo Garciak (Azpeitia, 1995). Hark ondo ezagutzen ditu proiektuaren hastapenak, eta pozez hartzen ditu Garmendikampera hurbiltzen diren gazte berriak. Horietako bi dira Nora Aranbarri (Azpeitia, 2007) eta Asier Leon (Azpeitia, 2006). Naroa Aranbarrik (Azpeitia, 2003) ere orduak igarotzen ditu bertan. Mendi jaitsierako Euskal Herriko txapelduna da bera, eta hirugarren sailkatu zen Espainiako BTT Jaitsiera Txapelketan. Zaletasunak elkartu ditu lau gazteak Garmendikampen.

Geroz eta gehiago dira bizikleta eta kaskoa hartuta Garmendi auzora joaten diren gaztetxoak. Eguraldiak laguntzen duen egunetan, dozenaka lagun elkartzen da jauziak egiteko egokitutako gunean. Askok eta askok dirt jump kirola praktikatzen dute han, beste batzuek jauziekin gozatzen duten bitartean. Denbora motzean proiektua "biziberritzen" ari dela dio Garciak, eta "oso pozik" dago. Izan ere, hark gertutik ezagutu ditu proiektuaren unerik zailenak: "Hastapenak ez ziren errazak izan. Hondeamakinek gure kabuz eginda geneuzkan maldak desitxuratu zituzten, eta horrek burumakur utzi gintuen. Arazoak arazo, lanean jarraitu genuen. Handik hilabete batzuetara proiektua albo batera utzi behar izan genuen, ordea, denbora nahiz baliabide falta tarteko. Hilabete luzez hutsik eta zaindu gabe egon zen Garmendikamp, baina duela hilabete batzuk berriro hasi ginen lur eremua egokitzeko eta erabilgarri jartzeko lanak egiten. Orain inoiz baino jende gehiago ibiltzen da Garmendikampen. Gainera, gaztetxoak gustura ibiltzen direla ikusteak lanean jarraitzeko gogoa pizten digu, eta horretan gabiltza ilusio handiz".

Auzolana, ezinbestekoa

Dirt jump praktikatzeko guneak herritarren artean "harrera bikaina" duen arren, "betiko arazoekin" jarraitzen dutela diote proiektuaren sustatzaileek.

Garmendikampeko erabiltzaileak dira jauziak egiteko lur eremua txukun mantentzeaz arduratzen direnak. Lanean fin aritzen den kideetako bat da Leon, eta hark azaldu duenez, jauziak egiten herritar ugari ibiltzen den arren, gutxi dira lanerako prest agertzen direnak: "Lurra txukun egoten denean, jende ugari ibiltzen da bertan. Baina tontorrak lardasten hasten direnean, jende gutxi animatzen da auzolanera". Horrekin ados dago Aranbarri. "Gainera, zenbat eta jende gehiagok erabili, orduan eta azkarrago altxatzen da lurra", azpimarratu du. "Horregatik eskatu ditugu behin eta berriz eremuaren mantenu lanak erraztuko dizkiguten baliabideak", gaineratu du Garciak.

Lurra hondeamakinekin egonkortzeko eskatu zutenean, beste eskaera batzuk ere egin zituzten udalean. Gogoan dituzte: "Segurtasun neurriak direla eta, kartelak jartzeko eskatu genuen, erabiltzaileek jarraitu beharreko arauen berri emateko: kaskoa janztea beharrezkoa dela, ingurua zaindu behar dela… adierazteko, hain zuzen. Horrez gain, etxola bat eskatu genuen, lurraren mantenu lanak egiteko erabiltzen ditugun tresnak gordetzeko. Hori ez ezik, jauzien eremua hesiz inguratzeko eta espaloia jartzeko eskaera egin genuen". Txukuntasunari ematen dioten garrantziari lotuta, zaborrontziak ere nahi dituzte Garmendikampen: "Ontziak jartzea eskatu genuen, herritarrek hondakinak lurrera bota ez ditzaten, gu baikara zaborra jaso behar izaten dugunak". Denetariko zaborra aurkitzen dutela diote, eta kezkatuta daude. "Jauziak egiten diren lur eremuan edozein motatako zaborra agertzen da, beira zatiak, plastikoak edo txakurren gorotzak, adibidez. Garmendikampera jauziak egitera goazenok segurtasuna bermatuta izan behar dugu, eta lur saila zaborrez beteta badago, ezin dugu kirola lasai praktikatu. Herriko edozein txokotan daude zaborrontziak. Jar ditzatela Garmendikampen ere".

"Eskatutakoak oraindik iritsi ez diren arren", lanean jarraitu dutela azpimarratu du Aranbarrik: "Geure kabuz egindako lan guztiari esker, gaur egun bizi-bizirik dago Garmendikamp".

Elkarrengandik ikasten

"Zirrara, adrenalina eta urduritasuna" dira, besteak beste, maldak jaisterakoan sentitzen dutena. Horregatik atsegin dute horrenbeste praktikatzen duten kirola, eta probatu ez dutenek noizbait proba dezaten nahi dute, "beldurrik gabe".

Ez dago irakaslerik Garmendikamp gunean. Hara bertaratzen direnek beti dute zer ikasi eta zer irakatsi. Nora Aranbarrik argi dio: "Gure artean ez dago konpetentziarik. Talde bat gara, eta elkarri laguntzeko eta ondo pasatzeko gaude hemen. Garmendin elkartzen garen ia gazte guztiok han ikasi dugu jauziak egiten. Behin eta berriz saiatuz ikasten dira gauzak, eta horrela trebatu gara geu ere. Horregatik animatu nahi ditugu Azpeitiko gazteak dirt jump praktikatzera eta Garmendikampera etortzera; ez dezatela lotsarik izan", dio Leonek. Aranbarriren iritziz, "ederra" izaten da gaztetxoak beren helburuak lortzen ikustea: "Esperientzia apur bat dugunok saiatzen gara hasiberriei laguntzen, jauzi txukunak egiteko gomendioak ematen eta. Gaztetxoak behin eta berriz saiatzen dira, lortzen duten arte. Gainera, guk ere asko ikasten dugu beraiekin".

Garmendikampeko beteranoak mendian ere ibiltzen dira bizikleta jaitsierak egiten. "Inguruko mendietan ibiltzen gara gehienbat. Arauntzan, Izarraitzen, Oñatz aldean, Nuarben... pixkanaka ari gara gure inperioa zabaltzen", dio Garciak, barrez. "Menditik jaistean ohitura dugu Garmendikamp aldera joateko, giroa ikusteko eta. Azkenaldian beti topatzen dugu ume mordoxka bizikletekin jolasean. Sarritan pentsatzen dugu ume horietako batzuk hemendik urte batzuetara agian gurekin ibiliko direla bizikleta jaitsierak egiten mendian", dio Aranbarrik.

Berrikuntzak, jomuga

Garciak jakinarazi duenez, orain dela gutxi Azpeitiko Mendiko Bizikleta Elkartea sortu dute, Lagun Onak txirrindulari elkartearekin hainbat bilera egin ostean. "Elkarte izaerak hainbat onura eskaintzen ditu, eta erakundeei eskaera formalak eta proposamenak egiteko bidea errazten du", azaldu du azpeitiarrak. "Helburu nagusia da ahalik eta azpiegitura txukunenak lortzea kirola duin praktikatzen jarraitzeko". Naroa Aranbarrik BTT txapelketak jokatu ohi ditu, eta gaztea izanagatik, ugari dira lortu dituen dominak. Entrenatzeko gune bat faltan botatzen duela dio, eta badu proposamen bat. "Badaude Pump Track izeneko asfaltozko pistak. Ez dute mantenu lanik behar, eta primerakoak dira entrenatzeko. Bizikletentzat ez ezik, skatea egiten dutenentzat ere balo dute".

Egin dituzte eskaerak eta proposamenak erakundeetan, eta horien erantzunaren zain daude. Bitartean, kirolaz gozatzen jarraituko dute ahal eta nahi duten lekuan.