'Bigarren sexua(z). Collage' izeneko film laburra egin du Nora Alberdik

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko aza. 30a, 10:39

Simone de Beauvoirrek osatu zuen eta pentsamendu feministarentzat mugarri izan zen lana euskarara ekarri du Irene Arraratsek, eta harekin du lotura Alberdik eta Iratxe Fresnedak osatu duten ikus-entzunezkoak. Bederatzi "lezio" jaso dituzte filmean, eta egungo irudiekin nahiz hainbat emakumeren testigantzekin osatu dute ikus-entzunezkoa. Abenduaren 6an Durangoko Azokan aurkeztuko dute.

Nora Alberdi, ezkerretik aurrena, atzoko liburuaren aurkezpenean. (Maite Asensio Lozano)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Nora Alberdik Bigarren sexua(z). Collage izeneko film laburra osatu du Iratxe Fresnedarekin batera, atzo aurkeztu zuten Bigarren sexua euskarazko argitalpenaren osagarri gisa. Izan ere, Simone de Beauvoirrek osatu zuen eta pentsamendu feministarentzat mugarri izan zen lana euskarara ekarri du Irene Arraratsek, eta Eskafandra bildumaren barruan argitaratu dute Jakinek eta Elkarrek.

Film laburrak, beraz, lotura zuzena du Beavoirrekin. Hain zuzen ere, ordu laurden inguruko lanean haren bederatzi "lezio" jaso dituzte, eta gaur egungo irudiekin nahiz hainbat emakumeren testigantzekin osatu dute ikus-entzunezkoa. Tartean dira Maite Segurola eta Miren Odriozola feminista azpeitiarrak. Abenduaren 6an aurkeztuko dute, Durangoko Azokan, 19:30ean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu