Ekonomia sozial eraldatzailea ardatz hartuta formazio saioa antolatu dute

Uztarria.eus 2019ko aza. 29a, 11:57

Ekintzailetza soziala eta kooperatiboa sustatzeko, ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko formazio saioa antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Olatukoop-ek. Hamar saioko formazioa eskainiko dute, Basazabalen abenduaren 10ean hasita. Izena Basazabalen bertan eman beharko da abenduaren 5erako.

Ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan eta ekintzailetza sozial eta kooperatiboa bultzatzeko, formazio saioak antolatu dituzte Azpeitiko Udalak eta Olatukoop-ek, Basazabalen. Guztira, hamar saioko formazio ikastaroa izango da, eta aurreneko biak abenduaren 10ean eta 17an egingo dituzte. Urtarriletik aurrera, berriz, saioak hamabostean behin izango dira, Basazabal zentroan. Astearteetan 15:00etatik 18:00etara bitartean izatea aurreikusten dute, baina interesatuen arabera, ordutegia egokitzeko aukera dagoela adierazi dute antolatzaileek.

Formaziorako izena abenduaren 5era bitartean eman daiteke Basazabal formazio zentroan: formazioabasazabal@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita edo 943-54 79 83 telefono zenbakira deituta. Ikastaroaren prezioa 21,6 eurokoa izango da Azpeitian erroldatuta daudenentzat eta 26 eurokoa gainontzekoentzat. 

Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak adierazi du Azpeitiko Udalak ekonomiaren sustapena duela helburu, eta horretarako formazioa dela bideetako bat. Olatukoop ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko sarearekin erakundeak antolatutako ikastaroaren bidez, formazioaz gainera ekintzailetza bultzatu nahi du: “Saioa hauen bidez, ekonomia sozial eta kooperatiboaren, kolektiboaren eta komunitarioaren garapenari bultzada bat eman nahi diogu. Guretzat ezinbestekoa da formazioaren bidez herritarrentzako lan- aukerak sortzeko bideak irekitzea. Beraz, ekonomia sozialeko proiektuak erronka berriei aurre egiteko gakoa izan daitezkeela uste dugu”.

Herriz herri, "lanaren burujabetza eta herritarren beharrak" oinarri dituzten proiektuak sustatzen ditu Olatukoop-ek. Leire Udabe Lakari Kooperatibako eta Olatukoopeko kidearen arabera proiektuak abiatu aurretik trebatzea eta formazioa jasotzea garrantzitsua da:"Funtsezkoa da proiektu eraldatzaileak sustatu nahi dituzten pertsonak eta kolektiboak formatzea ekintzailetza sozialean aritzeko behar diren hainbat konpetentziatan: proiektuaren bideragarritasuna, bizigarritasuna, lantaldeak osatzea, tokiko garapena eta harremanak, beharren diagnostikoan, genero eta jatorri aniztasuna lantzeko ikuspegian, eta orokorrean proiektuaren ikuspegi eraldatzaile eta lurraldetuan".

Antolatu duten formazio saio sorta bi perfiletako jendearentzat izan daitekeela egokia uste dute: "Alde batetik, ekonomias ozial eraldatzailea bultzatzeko ideia edo proiekturen bat dutenentzako. Eta bestetik, ekonomia sozialaren baitako jarduerak ezagutu nahi dituztenentzat”.

Hamar saio izango dira guztira eta saioz saio honako gaiak landuko dituzte:

1. Zer da Ekonomia Sozial Eraldatzailea? Marko teorikoa, beharren diagnostikoa (ariketa) eta jardunbide onak.

2. Tokiko garapen eraldatzailea: datuetatik hasi eta elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioaren garapen praktikora.

3. Kooperatibismoa. Estatutu ereduak.Kooperatibismoa udalgintzatik sustatzeko bideak.

4. Bizigarritasuna eta bideragarritasuna ekimen kooperatibo eta komunitarioetan. Prozesu integrala eta neurketarako adierazle sistemak.

5. Ikuspegi feminista eta zaintza erdigunean. Azpeitirako ekimen zehatzen lanketa.

6. Talde-kudeaketa eta antolaketarako tresnak.

7. Sare komunitatea, harremanak eta marketin komunitarioa.

8. Genero eta jatorri aniztasuna lurraldean eta proiektu eraldatzaileetan.

9. Azpeitiko erronkak ESE ikuspegia txertatuta.

10. Ekintza plana osatzeko eta formazioaren bateratze saioa.