Industriaren inguruko merkatu azterketa egiten ari dira Azpeitiko Udala eta Urola Industrialdea

Uztarria.eus 2019ko aza. 28a, 10:46
Azpeitiko Udaleko ahiz Urola Industrialdeako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiaren industria argazkia atera nahi dute ikerketarekin: batetik, hutsik dauden pabilioien zerrenda osatu eta zer baldintzatan dauden zehaztuko dute; eta bestetik jardueradun pabilioien gaineko informazioa jasoko dute. Urola Industriaguneko teknikari bat enpresaz enpresa ariko da informazioa biltzen datozen hilabeteetan, eta azterlana martxo-apirila alderako amaituta izatea aurreikusten du udalak.

Industriaren inguruko merkatu azterketa egiten ari dira Azpeitiko Udala eta Urola Industrialdea eskualdeko industria sustatzeko sozietatea. Azpeitiaren industria argazkia atera nahi dute ikerketarekin: batetik, hutsik dauden pabilioien zerrenda osatu eta zer baldintzatan dauden zehaztuko dute, irtenbiderik ba al duten aztertzeko; eta bestetik jardueradun pabilioiak nolakoak diren, zenbat lagun aritzen diren bertan lanean, pabilioiaren baldintzak zer nolakoak diren eta etorkizunerako zer behar dituzten zehaztuko dute.

Azterketa egiteko enpresen laguntza behar dutela adierazi dute udalak eta Urola Industrialdeak, eta horretarako, Urola Industriaguneko teknikari bat enpresaz enpresa ariko da informazioa biltzen. Erakunde biek adierazi dutenez, zenbat eta informazio gehiago zein zehatzago jaso, errealitatearen are diagnostiko osoagoa gauzatuko dute. Gainera, zehaztu dutenez, teknikari horrek eskatuko duen informazioa helburu estatistikoekin soilik erabiliko dute. Azterlana martxo-apirila alderako amaituta izatea aurreikusten du udalak.

Lur industrialen gaineko azterketaren emaitzak epe luzera landu behar direla esan du erakundeak; izan ere, argi du zaharkituta dauden pabilioein aterabidea ez dela erraza. Dena den, arazoari heltzeko konpromisoa hartuko duela jakinarazi du Nagore Alkorta alkateak: "Ikuspegi estrategikoz jokatu eta luzerako begirada geureganatu behar dugu. Jabetza pribatuak, erakundeak... interes eta eskuduntza desberdinak batzen dira, baina pixkanaka korapiloak askatzen joan behar dugu; ezinbestean heldu beharreko gaia dela uste dugu",

Alkateak esan duenez, Azpeitiaren gaur egungo diagnostikoa egiteko badituzte arrazoiak: "Krisiak industria lurren zati handi bat aktibitaterik gabe utzi du. Pabilioi asko hutsik eta zaharkituta, baldintza eskasetan gelditu dira". Udalak azaldu duenez, Azpeitiko ekonomiaren motorra industria da, eta sektorearen egoera ezagutzeko eta ahalik eta politika eraginkorrenak egiteko egingo dute azterketa. "Azpeitiko Udalak argi du ekonomiaren sustapena dela bere ardatz nagusienetarikoa, eta datozen urteetan ere hala izango dela", adierazi du alkateak.