Dozenaka ikaslek elkarretaratzea egin dute Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean

Uztarria.eus 2019ko aza. 25a, 13:59

Azaroaren 25a da gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Horren harira, hainbat ekintza egin dituzte herriko ikastetxeetako ikasleek. Goizean biolentziaz hausnartzeko tailerra egin dute Sindikatu Zaharrean, eta eguerdian elkarretaratzea egin dute Azpeitiko plazan, Ikasle Abertzaleakek eta Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak deituta. Indarkeria matxistaren aurrean klase batasuna lelopean elkartu dira gaurkoan, eta emakumeek jasaten dituzten "biolentzia forma oro" gaitzetsi dituzte.

Gogoan izan dituzte 2019an erail dituzten emakumeak: "Gutxienez lau izan dira aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian eraildako emakumeak, eta beste ehunka emakume bortxatu, erasotu eta jipoitu dituzte. Nahiz eta azken urteotan bortxaketa eta erailketa kasuen presentzia mediatikoa geroz eta handiagoa den, ezin ahaztu dezakegu erasook ez direla, pentsarazi nahi diguten bezala, kasu isolatuak edo eraso indibidualak. Publizitatea, kanon estetikoen inposaketa, bikote harremanen egitura, lan baldintza prekarioak, soldata arrakala, prostituzioari loturiko talde kriminalak, migrazio politika basatiak, esterilizazio behartuak, generoaren araberako lan banaketa, hezkuntza sistema, hipersexualizazioa, aborturako eskubideen ukapena... indarkeriak mila aurpegi ditu, eta etengabe baldintzatzen ditu gure bizitzak eta gorputzak, kalean, etxean, militantzia esparruetan, komunikabideetan, epaitegietan, eskolan, lanean zein unibertsitatean", adierazi dute.

Elkarretaratzea amaitzean, arratsalderako prestatuta dauden hitzaldira eta ekitaldira joateko deia egin dute. Zaintza arloko emakume langileak borrokan solasaldia eskainiko dute Malen Etxeako emakumeek Gaztetxean, 17:00etan hasita. Ondoren, 19:00etan, Basanderiek asanblada feministako kideen ekitaldia izango da plazan.