Olatz Pratek Ngugi wa Thiong'o idazle kenyarraren 'Gerra garaiko ametsak' euskaratu du

Uztarria.eus 2019ko aza. 22a, 18:10

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) gaur aurkeztu ditu Donostian Literatura Unibertsala bildumaren barruan aurten euskarara itzulitako bi lanak. Idoia Santamariak itzuli du Ingeborg Bachmann-en Aldibereko, eta Olatz Prat azpeitiarrak, berriz, Ngugi Wa Thiong'o-ren Gerra garaiko ametsak. Erein eta Igela argitaletxeak dira bi liburuok plazaratu dituztenak.

Praten lehen literatur-itzulpen lana da gaur aurkeztu dutena. EIZIEk Literatura Unibertsala saila osatzeko ateratzen duen beka-lehiaketara aurkeztu zen azpeitiarra, eta berari eman zioten Thiong'o kenyarraren lana euskaratzeko zeregina; saileko 177. liburua da Pratek itzuli duena. Kenyako kikuyu herriaren hizkuntzan idatzi zuen Thiong'ok Gerra garaiko ametsak, baina egileak berak idatzitako ingelesezko itzulpenetik euskaratu du haren lana Pratek. "Egile ezezaguna da gurean", dio Thiong'oz azpeitiarrak. "Badago bere beste lanaren beste itzulpenen bat euskaraz, baina aspaldikoa. Hala ere, azkenaldian indar gehiago hartzen ari da, Nobel sarietako hautagaien artean egon izan delako". Gerra garaiko ametsak "liburu oso berezia" da Praten aburuz. "Ez da ohiko eleberri bat. Idazlearen haurtzaroko eta nerabezaroko memoriak dira. Kontatzen du nola bizi zen bere tribuan, bere umetako egunerokotasuna, ikusten zuena, bizipenak. Txiki-txikitatik amets egiten zuen ume baten historia da, eta hortik izenburua ere. Nolabait, liburu hau irakurtzea da kikuyuen herrixka horretan sartzea bezala".

"Gustura" dago azpeitiarra egindako lanarekin, "umiltasun osoz eta ikasteko zenbat dudan jabetuta", literatur lan bat itzuli duen lehen aldia izan dela kontuan hartuta. "Asko ikasi" duela dio, eta aurrerantzean antzeko proiektuetan murgildu ahal izateko "abiapuntu bat" izatea gustatuko litzaioke.

(Argazkia: Erein)