Hemeretzi gidarik parte hartuko dute igandean jokatuko den Azpeitiko XIII. Slalomean

Uztarria.eus 2019ko aza. 20a, 13:23
Iazko Azpeitiko Slalomeko irudi bat. (Jorge del Cid)

Lagun-Artea taldeak antolatuta, Azpeitiko Slaloma jokatuko dute igandean, 10:00etan hasita, Landeta auzoko Antzibarrena industrialdean. Bi gidari azpeitiarrek parte hartuko dute proban.

Lagun-Artea taldeak Azpeitiko Slalomaren XIII. edizioa antolatu du iganderako, azaroak 24. Landeta auzoko Antzibarrena industrialdean jokatuko dute proba, 10:00etan hasita. Dena den, 09:00etan elkartuko dira parte hartzaileak ibilbidea ikusteko eta autoen egiaztapenak egiteko. Dagoeneko itxi dute izena emateko epea, eta guztira, hemeretzi lagunek parte hartuko dute slalomean.

Proban parte hartuko duten gidarietako bi azpeitiarrak dira: Iosu Alberdi (BMW 325i) eta Lagun Arteako Aritz Uzkudun (BMW 325i). Gainera, inguruko herrietatik ere bertaratuko dira partaideak: besteak beste, Lagun Arteako Ander eta Gorka Olaizola zarauztarrak (Speed Car Xtreem auto banarekin) eta Lagun Arteako Iker Zinkunegi (BMW 325i) nahiz A+GAS taldeko Gurutz Agirretxe (BMW M3) errezildarrak. Era berean, Iñaki Alberdik ikuskizuna eskainiko du, Speed Car TTR autoarekin; 0 zenbakiarekin arituko da azpeitiarra. Iazko slaloma irabazi zuen Asier Tejadok ere parte hartuko du proban.