Abenduaren 7ra bitartean eman dezakete izena Xanti Rodriguezen film berrian figurante lanetan aritu nahi duten herritarrek

Uztarria.eus 2019ko aza. 20a, 11:34
Rodriguezek jantzi proposamenak egiteko erabili duen irudia.

1910. urtean girotutako herri kirol apustu bat irudikatuko dute abenduaren 23an Errezilgo plazan. Mikel Larrañagak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak apustua irudikatuko dute, eta figuranteek apustua ikusten ari diren herritarren papera egingo dute. Azpeititik Errezilera joateko, figuranteentzat autobusa jarriko dute Rodriguezek. Figurante aritu nahi duten herritarrei XX. mendearen hasierako jantziei erreparatzeko eskatu die zinemagile azpeitiarrak.

Xanti Rodriguezek film berri baten grabaketak hasiko ditu aurki, eta pelikularen zati bat Errezilen grabatuko du abenduaren 23an. Hain zuzen ere, 1910. urtean girotutako herri kirol apustu bat irudikatuko dute egun horretan Errezilgo plazan; Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira nor baino nor lehian. Apustua girotzen figurante lanetan ariko diren herritarrak behar ditu, baina, Rodriguezek, eta horiek abenduaren 7ra arte izango dute casting-ean izena emateko aukera.

Abenduaren 23an, astelehenez, goiz eta eguerdi partean grabatuko dute filmaren zatia. Rodriguezek aurreratu duenez Azpeititik Errezilera joateko autobusak jarriko dituzte; izan ere, hainbat izango dira figurante lanetan ariko diren herritarrak. Errezilgo plazako grabazioan parte hartu nahi duten herritarrek castingerako izena eman beharko dute laura@xantirodriguez.com helbidera mezua idatzita, eta mezu horretan izen-abizenak, telefono zenbakia eta eskatutako jantziekin ateratako bi argazki –atzealdetik eta aurrealdetik ateratako bana– bidali beharko dituzte herritarrek.

Jantziei berebiziko garrantzia eman die zinemagile azpeitiarrak: hain zuzen ere, Santo Tomas eguneko nahiz Txikiteo Elegante Eguneko jantziak erabili ahal izango dituzte herritarrek –honako lotura honetan ikus daitezke jantzi proposamen batzuk–. "Itxura zahardun jantziak behar ditugu, ez gaur egungoak; izan ere, garai bateko baserritarrak irudikatu behar ditugu apustua ikusten".

Rodriguezek aurreratu duenez, filmaren lantaldean hainbat aurpegi "ezagun" ere izango dira: "Iker Galartza eta Joxe Kruz Gurrutxaga aktoreak, Erika Olaizola, Saioa Lara, Xanti Salvador... Besteak beste, Handia eta La trinchera infinita filmetan aritutako profesionalek parte hartuko dute".