'Bilbao Eurocopa honi ez 2020' dinamikako kideek hitzaldia eskainiko dute bihar Gaztetxean

Uztarria.eus 2019ko aza. 20a, 10:08

Martxoan abiatu zen Bilbao Eurocopa honi ez 2020 dinamika, eta egitasmoaren sustatzaileak hitzaldi bira egiten ari dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Azpeitiko Gaztetxea izango da hurrengo geltokia. 19:00etan hasiko da hitzaldia, eta ondoren luntxa egingo dute.

UEFAk Eurokoparen XVI. edizioari ekingo dio 2020ko ekaina eta uztaila artean, eta Espainiako futbol federazioak egindako proposamena tarteko, Bilboko San Mames futbol zelaian jokatuko dira txapelketako lau partida. Hiritar guztiek ez dute begi onez jaso berria, eta Eurokopa Bilbora eramateak sorrarazi dien gaitzespena adierazteko Bilbao Eurocopa honi ez 2020 dinamika jarri zuten martxan joan zen martxoan. Ekimenaren bultzatzaileak hitzaldiak eskaintzen ari dira Euskal Herriko hainbat txokotan, eta Azpeitian ere egingo dute geldialdia; bihar izango da. Hain zuzen, Gaztetxean eskainiko dute hitzaldia, 19:00etan hasita. Bertan, hizpide izango dute Eurokoparen atzean ezkutatzen denaz egiten duten irakurketa. Ondoren, luntxa izango da hitzaldira joaten diren lagunentzat.

"Euskal Herriko eta Espainiako burgesiak Bilbora ekarriko duen hurrengo makro-ekitaldia izango da UEFA 2020", salatu dute dinamikako kideek, eta "horrelako ekitaldiak" ez Bilbon, ez Euskal Herriko beste edozein hiritan ez dituztela nahi adierazi dute. Futbolaz harago doan irakurketa egin dute auziaren gainean, Eurokopa "burgesiaren estrategia jakin baten" barruan kokatuta. "Eurokopa Bilbora ekartzeko interesaren atzean, Bilbo burgesiaren klase interesen neurrira egindako erakusleiho-hiri bilakatzeko helburua dago", diote. Eurokopak aberastasuna ekarriko duela dioen "diskurtso faltsua" zabalduko dutela dio dinamikak, eta diskurtso hori gezurtatu du: "Eurokopa horrek ez du inolako aberastasunik ekarriko Euskal Herriko langileentzat. Argi distiratsu, irribarre hipokrita eta lelo hutsen atzean langile klasearen esplotazioa, gure bizitzen prekarizazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa eta pribatizazioa baino ez da egongo".