Maria Angeles Amenabar: "Bizkorrak izan ginen Zubiola Kooperatibaren enpresa proiektua aldatzen"

Uztarria.eus | Ekonomia
2019ko aza. 19a, 09:30

Joxe Mari Korta sarietako bat jasoko du gaur, asteartea, Maria Angeles Amenabar azpeitiarrak. Korta sarien banaketa ekitaldia 18:00etan da Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzan. Jubilazioa hartu aurreko azken hemezortzi urteetan Zubiola Kooperatibaren kudeaketaren ardura izan zuen Amenabarrek.

Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak proposatuta jasoko du Korta sarietako bat gaur, asteartea, Maria Angeles Amenabarrek (Azpeitia, 1946). Pertsonen bizitza eta enpresa ibilbidea saritzea dute xede sari horiek. Amenabarrek bere ibilbide profesional nabarmenena Zubiola Kooperatiban egin zuen; jubilazioa hartu aurreko azken hemezortzi urteetan kudeatzailea izan zen. Gaur, azaroak 19, Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunean, jasoko du saria.

Joxe Mari Korta saria jasoko duzu gaur. Nola hartu duzu izendapena? 

Harriduraz. Ohore bat da Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak ni proposatu izana saritzeko. 

Zubiola Kooperatiban hasi aurretik zer ibilbide profesional izan zenuen? 

16 urterekin hasi nintzen lanean Azpeitiko udaletxeko bulegoan, azterketa bat gainditu ondoren. Denbora gutxira, ordea, lege berri bat jarri zuten indarrean, eta haren arabera, 18 urte baino gutxiagokoek udalean ezin zuten lanean jardun. Ondorioz, bi neska kaleratu egin gintuzten. Segidan, 17 urterekin, Euskalduna Kooperatiban hasi nintzen kontabilitatean eta administrazioan. 21 urterekin ezkondu eta lanari utzi egin nion, garai hartako kooperatibetan ezkondutako emakumeek ez zutelako lanean jarraitzeko aukerarik. 

Hurrengo urtean gure alaba jaio zen, eta 23 urterekin, semea izateko nengoela, istripu larria izan genuen: gizona eta semea galdu nituen, eta neu txikituta gelditu nintzen. 24 hilabete behar izan nituen osasunez neure onera etortzeko. Orduan, nire jaiotetxera itzuli nintzen bizitzera, Etxebeltzera. Familia guztiari esker, alabak eta biok aurrera egin genuen.

25 urterekin berriro hasi zinen lanean, Zubiola Kooperatiban. 

Bai. Garai hartan Zubiolak bi dibisio zituen: makinarena eta erremintarena; biak egurraren esparrukoak. Une gogorrak ziren haiek niretzat eta, lana egiteaz gain, nire konpetentzia profesionalak eguneratzeari ekin nion. Bost urtez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko CESEAk eskaintzen zituen urrutiko Enpresagintza Teknikak eta Ekonomia eta Finantza Zuzendaritza ikasketak egin nituen. Arlo profesionaletik aparte, Azpeitiko Udaleko zinegotzi aukeratu ninduten, eta lehenengo udal demokratikoan lau urtez aritu nintzen, alabaren heziketaz ahaztu gabe. Hori guztia oso ondo etorri zitzaidan nire bizitza pixkanaka berriro ere orekan jartzen hasteko.

Zubiolan kudeatzaile izan zinen 1989tik 2007ra. Nolakoak izan ziren urte haiek? 

Zubiola enpresa txikia zen, eta makinak egiten zituen dibisioa galduta zuen ordurako; berriro ere kolokan zegoen enpresa, inoiz baino egoera larriagoan. Errektore Kontseiluak gerentzia hartzeko eskatu zidan. Eta onartu egin nuen. Erronka bikaina eskaini zidaten.

Beste hainbat enpresaren gisara, lehiakortasun gutxiko produktu heldu batekin gelditu ginen. Garai txarrak ziren eta, horri guztiari, globalizazioa erantsi behar, gainera. Ingurua okertzen hasi zitzaigun: hasieran produkzio handiko Europako multinazionalak sartu ziren lehian, eta Asiakoak ondoren.

Urte gogorrak izan ziren. Baina bazkideek konfiantza eman eta arduratsu jokatu nuen. Esan behar da, egun normaltzat hartu daitekeen arren, orduan  emakumeak kudeaketako zuzendaritzan ikustea ez zela hain ohikoa.

Zu kudeatzaile hasi orduko, Zubiolan antolaketan eta enpresa proiektuan aldaketa handiak egin zenituzten. Nola bizi izan zenituen aldaketa haiek? 

Lehenik eta behin, Estrategia Plana garatu genuen. Hori gauzatzeko, diseinu eta ekoizpen sistemak berrantolatu genituen Ikerlanen laguntzaz. Horrez gain, zerbitzuari lotuta, komertzialen sarea berregituratu genuen. Bizkorrak eta arinak izan ginen. Eszenarioa aldatu bazen ere, guk beste bat sortu genuen: lanabes pertsonalizatuei ekin genion, baina lanabes seriatuen kalitatea eta epea mantenduz. Aurretik kostearen irizpidea erabiliz lehiatzen genuen, eta zerbitzuen kalitatearekin lehiatzera aldatu ginen. 

Aldaketa horrek emaitzarik eman al zuen?

Bai, oso onak! Poliki-poliki, 27 lanpostutatik 74 izatera igaro ginen, komertzial sarea kontuan edukita. Etekin ekonomikoak oso positiboak izan ziren, bezeroen asebetetzea eta atxikimendua handitu genituen, eta Zubiola osatzen genuen lankideok proiektuaren partaide sentitu ginen: konpromisoa erabatekoa zen. Gurea zen.

Horrez guztiaz gain, nirekin kudeaketan aritu zirenekin kohesio handiko taldea osatzeko zortea izan nuen.

Zilarrezko Qa 2004an jaso zuen Zubiolak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurrenetakoak izan zineten kalitate prozesuaren aitortza jasotzen.

EFQM (Kalitatearen Kudeaketarako Europako Fundazioa) ereduak aurrez aipatutako bide estrategiko hori egituratzen eta sistematizatzen lagundu zigun. Etengabeko hobekuntzaren amaigabeko bidean  murgildu genuen gure erakundea, erabat. EFQM ereduak erakutsi zigun enpresa txikientzat handientzat bezain baliagarria zela, edo baliagarriagoa, akaso. Eta 2006an Euskaliten urrezko saria jaso genuen.

Bilakaera horretan kooperatibako langile guztiek egindako ahalegina nabarmendu zenuen orduan. Hori enpresaren kooperatiba izaerarekin lotzen al duzu? 

Kooperatibetan bazkideak dira enpresaren jabeak, eta erabakiak hartzerakoan bakoitzak boto bana dauka. Horregatik estrategiaren helburua, bezeroekin bezala, langileekin ere asebetetzea eta atxikimendua lortzea izan zen. Horrek esan nahi du estrategia pertsona multzo handi bati azaldu beharra daukazula, eta prozesu horrek berak dakar mezuaren barruko argitze lan handi bat egin beharra. Beste modu batean esanda, bazkide guztiek proiektua barneratzen duten neurrian, beraiena sentitzen dutenean, lanerako efizientzia handitu egiten da. Arraunean bezala, denok arraunkada gogorrak batera ematea lortu genuen. Hori izan zen gure erronka. 

Zuk kudeaketa utzi zenuen urte berean joan zen Zubiola Azpeititik Azkoitira, lekualdatzeko prozesua lehen lerroan bizitzea egokitu zitzaizun. Nola gogoratzen duzu? 

Lekualdaketa prozesua urte asko lehenago hasi zen. Gure erremintari diamantezko hortzak jartzen hasi ginenean, konturatu ginen lanerako geneukan eraikinak ez zuela azpiegitura nahikorik material berri hark ekoizpen prozesuan behar zituen baldintzak betetzeko. Aldaketak eginda ere, behar genituenak lortzeko modurik ez zegoen.

Toki berri baten bila hasi ginen, Azpeitiko Udalarekin aurrena, eta Eusko Jaurlaritzarekin gero.  Azkoitian hutsik zegoen eraikin bat zeukaten; egun Zubiola dagoena. Judizializatua zegoen, eta urteak eman genituen lekualdaketa hura bideratzen. Azkenean,  jubilazioa hartu aurretik prozesuaren bukaera bizitzeko aukera izan nuen. 

Zubiolak 53 urte ditu. Harekin bateratsu sortutako kooperatiba garrantzitsu gehiago baziren Azpeitian, baina dagoeneko hainbat desagertu da. 

Aurretik esan bezala, Estrategia Plan bat garatu behar da, zehatz-mehatz enpresaren egoera azalduko duena, enpresaren egoera nondik nora bideratuko duena, eta behar diren aldaketak egiten nork lagunduko duen jasoko duena. Eta asmatuta ere, egoera denak ez dira berdinak. Horretarako guk bidelagun oso onak lortu genituen: Ikerlan, LKS, Euskalit, eta 2003ra arte, Mondragon Korporazioa.

Eta Zubiola nola ikusten duzu gaur egun? 

Krisi garrantzitsua gainditu ondoren, zutik. Sektore ezberdinetan eta merkatu berrietan sartuta dago. Ez da gutxi. 

Enpresako arduretan parekidetasunaren bidean oraindik egiteko asko dagoela diote  egungo datuek.Bilakaerarik ikusi al duzu horretan? 

Poliki-poliki helburu garrantzitsuak lortzen ari dira, beti tinko lan handiak eginez. Oraindik, baina, asko egin beharra dago emakumeak enpresetako goi mailetan berdintasuna lortzeko.

Erretiroa hartu zenuen, baina erretiratu ez: Euskaliteko ebaluatzaile eta Secot Gipuzkoako eta Helduak Adiko kidea zara. Zer egiten duzu horietan?

Lehenik eta behin, gurasoak beren azken hamabost urteetan etxean bizitzen izan nituen, beren nahia betetzearren. Izan ere, aurretik, haiek izan ziren nire enpresako ardurak eta alabarekikoak kontziliatzen lagundu zidatenak. Beraz, nik ere ordainetan zerbait egiteko aukera izan nuen. Horrez gain, alabari bere zeregin profesionaletan laguntza eskaintzen diot, eta hiru biloben garapen eta bilakaera pertsonalarekin erabat disfrutatzen saiatzen naiz.

Etxetik kanpo, berriz, Euskaliteko ebaluaketa batzuetan parte hartu dut, IMHko ingeniaritza eskolan zenbait proiektu tutorizatu ditut, eta, Helduak Adiko partaide gisa, elkarteak garatu dituen proiektuetan eta Udako Ikastaroetan parte hartu dut.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu