Azken txanpara iritsi dira XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak

Uztarria.eus 2019ko aza. 20a, 09:29

Dinamoa sormen gunean estreinatuko du 35 huts obra Esti Curiel zumaiarrak bihar, 20:00etan, eta emanaldiaren ostean, mokadua eta solasaldia izango dira. Ostiralean antzerki alternatiboaz gozatu ahal izango da Gaztetxean herriko hainbat gazteren eskutik, eta etzi Lapur minak ikuskizuna eskainiko du Cia. Tornadok Alde Zaharrean (20:00). Emanaldi horiekin bukatuko dira XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak.

Azken txanpara iritsi dira dagoeneko XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak, baina amaiera gertu izanagatik, bihartik zapatura bitartean ere izango da antzerkiaz gozatzeko aukera herrian. Laugarren astez jarraian, Sortzaile Berrien Zikloak hartuko du Dinamoa sormen gunean bihar, ostegunarekin. Esti Curiel zumaiarrak 35 Huts lana estreinatuko du 20:00etan hasita; antzezlana bukatzean, mokadua eta solasaldia izango dira.

Curiel bera da obrako aktorea, eta Miren Gojenola zuzendaria.. Aldiz, testua Aitziber Garmendiarena da. Honako hau da obraren sinopsia: "35 urterekin, bere familiaren oinordetza tragiko baten ondorioz, bidegurutze erraldoi baten aurrean aurkituko da gure protagonista. Rancherak, tequila eta madarikazioen artehunak askatzen saiatuko da umorez eta poesiaz osatutako bakarrizketan".

Ostiralean antzerki alternatiboaren txanda izango da. 20:00etatik 21:15era luntx bejetarianoa izango da Gaztetxean, eta 21:30etik aurrera Eraikitzen gaituzten hitzak lana plazaratuko dute herriko hainbat gaztek. Horman Poster antzerki konpainiak martxan jarritako egitasmoa da Eraikitzen gaituzten hitzak, eta bitartekaritza eta sorkuntza proiektu bat da; tokian tokiko gazte taldeekin garatzen eta eszenan jartzen den identitatearen inguruko dramaturgia bat, hain zuzen. Azpeitiko gazteek hainbat saio egin dituzte azken egunetan Emakumeen Txokoan, eta saio horietan prestatu dute ostiralean eskainiko duten antzerkia, hainbat ariketa ardatz hartuta. 

Zapatuan izango da aurtengo Euskal Antzerki Topaketetako azken emanaldia, eta berezia izango da. Izan ere, Lapur minak ikuskizuna eskainiko du CiaTornadok. 20:00etatik aurrera Alde Zaharrean barrena eskainiko dute ikuskizuna Patricia Urrutiak, Aitor Fernandinok, Pako Revueltasek eta Ion Zumelagak. Honako hau da emanaldiaren sinopsia: "Txema auzoko tipo zintzoa da. Denek maite dute. Orain, gainera, loterian saritua suertatu da; sei milioi euro irabazi ditu, eta guzti-guztia oparitzea erabaki du. Bihotz-zabaltasunaz nazkatuta daude bere lagun minak, eta diuarentzat oso bestelako asmoak dituzte".

Sarrerak, salgai

Antzezlanetarako sarrerak Internet bidez eros daitezke, azpeitia.eus webgunean. Gainera, obren egunetan leihatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak, bost euroren trukean. 12 urtera arteko haurrek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dute. Larunbateko ikuskizuna doakoa izango da.

Asteburuko egitaraua

Bihar, osteguna. 35 huts obraren estreinaldia, Esti Curielen eskutik, 20:00etan, Dinamoan. Ondoren, mokadua eta solasaldia. (Sortzaile Berrien Zikloa).

Etzi, ostirala. Eraikitzen gaituzten hitzak lana, Horman Poster-en eskutik, 21:30ean, Gaztetxean.

Larunbata, azaroak 16. Lapur minak ikuskizuna, CiaTornadoren eskutik, 20:00eta, Alde Zaharrean.