'La directora de orquesta' eta 'El rey leon' filmak izango dira ikusgai zapatutik astelehenera

Uztarria.eus | Kultura
2019ko aza. 21a, 08:00

Euskal Antzerki Topaketak azken txanpara iritsi dira, eta ondorioz, Soreasu antzokiko film emanaldiak ohiko dinamikara itzuliko dira asteburu honetan. Hain zuzen ere, La directora de orquesta eta El rey leon filmak ikusi ahal izango dira zapatutik astelehenera bitartean. El rey leon pelikula zapatuan eta igandean 16:30ean hasita ikusi ahal izango da; sarrerak lau eurotan eros daitezke Kulturaz.eus webgunean. Aldiz, La directora de orquesta filma zapatuan (22:00), igandean (19:30) eta astelehenean (21:00) emango dute: saio horietarako sarrerak ere eskura daitezke Interneten. Gainerakoan, emanaldiak baino lehen erosi ahal izango dira Soreasu antzokiko leihatilan.

La directora de orquesta filma Herbehereetan ekoiztutako lana da, eta Maria Peters da haren zuzendaria. Drama generoko film hori 2018an ekoiztu zuten, eta adin guztietako ikusleei zuzendutakoa da. Honako hau da pelikula horren sinopsia: "Antonia Bricoren historia erreala kontatzen du filmal, orkestra zuzendari bilakatzeko ametsa duen emakume batena. XX. mendeko gizonezkoen munduan, ordea, emakumeek ez dituzte aukera berak, eta beraz, gogor saiatu beharko du bere lekua bilatzen. Maria Petersek zuzendutako film honetan Chistanne de Brujin (Antonia Brico interpretatzen), Benjamin Wainwright (Frank Thomsenen paperean), Scott Turner Schofield (Robin Jones bezala), Seumas F. Sargent (Mark Goldsmith) eta Annet Malherbe (Antoniaren ama) dira protagonistak".

El rey leon filma, berriz, Jon Favreau Disneyrentzat egindako lana da. Abenduta eta animazioa uztartzen ditu AEBetan egindako pelikulak, eta herritar guztiei zuzendutako lana da. Honako hau da lanaren sinopsia: "Afrikako sabana da Simba lehoikumearen abenturen agertokia; Simba erregetzaren oinordekoa da. Hala ere, Scar maltzurrak bere aitaren hilketa leporatzen dio bidegabekeriaz, eta Simba erbestera joaten da. Erbestealdian lagun onak egiten ditu, eta itzultzen saiatuko da dagokiona berreskuratu ahal izateko. Film honek teknika zinegrafiko berritzaileak ditu; 1994ko pelikula klasikoko pertsonaiei bizitza berri bat emateko erabili dituzte".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu