Hasi dira autismoa duten pertsonentzako azpiegiturak egokitzen

Uztarria.eus 2019ko aza. 18a, 09:11
Orain dela egun batzuk hasi ziren guneak egokitzeko lanekin. (Azpeitiko Udala)

Loiolako Inazio Hiribideko 65, 67, 75, 77, 81 eta 83 zenbakidun lokalak egokituko dituzte. Gautena elkartea zer den, elkarte horrek zer lan egiten dituen eta Loiolabideko azpiegituretan zer zerbitzu eskainiko dituen azaltzeko bilera irekia antolatu dute biharko, asteartea. 19:00etan izango da, udaletxeko bosgarren solairuan.

Dagoeneko hasi dituzte Loiolako Inazio Hiribidean autismoa duten pertsonentzat prestatuko dituzten guneak egokitzeko lanak. Loiolabideko 65, 67, 75, 77, 81 eta 83 zenbakidun lokalak hogei urterako utzi dizkio dizkio Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta horietan autismoa duten pertsonentzako eguneko zentroa, bizitokiak eta bestelako baliabideak egokituko dituzte.

Hain zuzen ere, Gautena elkartea zer den, elkarte horrek zer lan egiten dituen eta Loiolabideko azpiegituretan zer zerbitzu eskainiko dituen azaltzeko bilera irekia antolatu dute biharko, asteartea. Gautenako kideek nahiz udaleko ordezkariek emango dituzte azalpenak 19:00etan hasita, udaletxeko bosgarren solairuan.

Orotara, 1.242 metro kuadroko hiru gune izango dira Loiolako Inazio Hiribidean prestatuko dituztenak. 65 eta 67 zenbakidun lokaletan autismoa duten pertsonentzat eguneko zentroa egingo dute; 81 eta 83 zenbakidunetan, berriz, hamar bat lagunetzat logelak; eta 75 zein 77 zenbakidun lokaletan beste baliabide batzuk eskaintzeko gunea ezarri ahal izango dute. Gune horiek Gautena autismoaren Gipuzkoako elkarteak kudeatuko ditu.