Errekartetxoren senitartekoek 'Harria' liburua aurkeztu dute jendaurrean

Uztarria.eus 2019ko aza. 16a, 14:20

Juan Antonio Palacios argazkilariaren irudiekin eta Juan Manuel Uria idazlearen olerkiekin osatutako Harria liburua aurkeztu dute gaur, Sanagustin kulturgunean, 12:00etan hasita. Euskal Herri osoko harri-jasotzaileak dira Harria liburuko protagonistak –tartean dira azpeitiarrak–, eta kirol hori da argazkiz osatutako liburuaren ardatza. Bertan, harri-jasotzearen gaineko interpretazio estetikoa eta poetikoa egin dute Palaciosek eta Uriak. 2016an kaleratu zuten liburua, eta gaur Azpeitian aurkeztu dute.

Gaurko ekitaldian izan dira Santos Iriarte Errekartetxo (Azpeitia, 1913) harri-jasotzaile azpeitiarraren alaba Olatz Iriarte, eta liburuaren idazle Juan Manuel Uria; Errekartetxoren biloba. Emozionatuta azaldu da Uria aitonaz eta liburuaz hitz egitean; izan ere, Errekartetxo omentzea da lanaren helburuetako bat. Era berean, Iriartek hartu du hitza, eta azaldu du, egun Errenterian (Gipuzkoa) bizi bada ere, "azpeitiar-azpeitiarra" dela. "Ilusio eta harrotasun guztiarekin etorri naiz Azpeitira liburua aurkeztera", esan du. Liburua "oso ederra" dela nabarmendu du, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz irakur daitekeela. Aitaz hitz egin du, segidan, eta anekdota gisa, Errekartetxok Amezketako harria jaso zuela kontatu du, baina inork ez zuela espero hark harri hura jasoko zuenik: "Apustu guztiak aurka zituen, eta familia batek baserria ere galdu zuen, lehen halako apustuak egiten baitziren. Dena den, gure aitak harria jaso egin zuen; bera izan zen Amezketako harria jasotzen aurrena". Gainera, etxean Pipa izeneko harria dutela kontatu du, harri "oso ederra" izanagatik, jasotzeko "oso zaila" dena. "Gure aitak jaso zuen harri hura, baina pena bat dut: aita harria jasotzen ez ikusi izana. Gustura ikusiko nuke harri-jasotzaileren bat harri hori jasotzen", esan du.

Liburua aurkezteaz gain, Juan Antonio Palacios argazkilariaren irudiekin osatutako dokumentala eman dute Sanagustin kulturgunean.