Hauskortasun egoeran dauden adinekoei zuzendutako Goiz Lagun zerbitzua indartuko du udalak

Uztarria.eus 2019ko aza. 15a, 16:25

Goiz Lagun zerbitzuaren helburua da adinekoei beren autonomiari eusten laguntzea. Horretarako, adineko pertsonekin hainbat saio egiten dituzte, haien eremu kognitiboa, eremu psiko-afektibo eta harreman, aisialdi eta kultura eremua lantzeko. Apirilean zabaldu zuten Goiz Lagun zerbitzuaren lehen deialdia, eta egitasmoak izan duen arrera ikusita, zerbitzua indartuko du udalak. 

Azpeitiko Udalak joan zen apirilean hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzendutako Goiz Lagun zerbitzua jarri zuen martxan, adinekoei beren autonomiari eusten laguntzeko baliabideak eskaintzea xede. Pertsona helduek jendearekin harremanak egitea eta etorkizunean izan ditzaketen nahasteak aurrezaintzea da Goiz Lagunen helburuetako bat, eta, horretarako, adineko pertsonei zuzendutako hainbat saio eskaintzen dituzte. Apirilean zabaldu zuten Goiz Lagunen aurreneko deialdia, eta egitasmoak izan duen arrera ikusita, zerbitzua indartuko du udalak. Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez, "berehala" bete zen lehen deialdia, eta dagoeneko irekita dago zerbitzua jasotzeko itxaron zerrenda. Udalaren helburua "eskaintza zabaltzea" dela esan du Goenagak, eta horretarako, datorren urtean Baigera Ien ez ezik, Sanjuandegin ere eskaini nahi dute zerbitzua. 

Gaur egun, hamabost laguneko talde bat ari da Goiz Lagun proiektuan parte hartzen, eta erabiltzaileek astean bi orduko hiru saio egiten dituzte Baigera Ieko eraikinean. Leire Goenaga zinegotziak adierazi duenez, saio horietan hiru arlo edo eremu lantzen dituzte, ariketa eta teknika ezberdinak erabiliz: eremu kognitiboa; eremu psiko-afektiboa; eta harreman, aisialdi eta kultura eremua. Horretarako esku terapia –motrizitatea lantzeko–, prentsa saioak –informazioa jasotzeko eta jasotakoaren gaineko lanketa propioa egiteko–, aisi jarduerak –oinarrizko gaitasunak garatzeko, hala nola arreta, kalkulua, oroimena...– nahiz erlaxazio saioak –antsietate, depresio edo arazo fisikoak sendatzeko eta hobetzeko– egiten dituzte. "Pentsatzen dugu saioek balio duela hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonak beren artean sozializatzeko. Era berean, saiatzen gara bizitzeko beharrezkoak diren oinarriko gaitasunak ondo zaintzeko bitartekoak ematen, gaitasun horiek bermatuko baitiete bizi kalitate hobea izatea etorkizunean", adierazi du Goenagak. 

Interesa duten herritarrek Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-15 71 92 telefonora deituta edo gizarte@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita. Gaur gaurkoz 65 urtetik gorako adinekoei zuzendutako zerbitzua da Goiz Lagun, baina Goenagak jakinarazi duenez, aurrerantzean 65 urtetik beherakoen kasu bereziak ere aztertuko dituzte.