Txakurren heziketarekin lotutako hitzaldia eta ikastaroa izango dira Kimubat Gardenen

Uztarria.eus 2019ko aza. 13a, 10:55

Leire Olaizola lanerako hezten diren animaliei buruz mintzatutako da ostiralean, eta Asier Aranbarri eta Iñaki Mantzisidor txakur entrenatzaileek ikastaroa emango dute larunbatean eta igandean. Saioak doakoak izango dira, eta horietan parte hartzeko aurrez izena ematea komeni da.

Txakurren heziketarekin lotutako bi saio izango dira asteburuan Kimubat Gardenen. Batetik, ostiralean, azaroak 15, txakurrekin egiten diren esku hartzeetan aditua den Leire Olaizola lanerako hezten diren animaliei buruz mintzatutako da, eta arlo ezberdinetan betetzen dituzten funtzioen berri emango du. Biak Bat elkarteko kidea da Olaizola, eta txakurren laguntzarekin pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin gauzatzen diren ekintzen berri emango du. Izan ere, txakurrek onura handiak ekar ditzakete eremu ezberdinetan; esaterako, behar bereziak dituzten haurrekin, gazteekin eta helduekin egiten diren esku hartzeetan. Terapian, hezkuntzan eta aisialdian gauzatzen diren jardueren inguruko azalpenak emango ditu Olaizolak, eta helburu horietarako entrenatzen diren txakurren ezaugarriak ere ezagutaraziko ditu. Hitzaldia 17:30ean hasiko da, eta interesa dutenek doan izena emateko aukera dute kimubat@kimubat.eus helbidera idatzita edo 943-15 00 85 telefonora deituta.

Bestalde, larunbatean eta igandean, hilaren 16an eta 17an, Asier Aranbarri eta Iñaki Mantzisidor txakur entrenatzaileen txanda izango da. Ikastaro praktikoa eskainiko dute bi adituek, bi saiotakoa, eta txakurrekin bertaratu beharko dute herritarrek, animaliak hezteko eta obedientzia lantzeko gakoak irakatsiko baitituzte. 10:00etatik aurrera egingo dute ikastaroa, eta doakoa izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, aldez aurretik izen ematea komeni da, aurrez aipatutako bi modu horietakoren bat baliatuz.