Berriz hartu du garaipenaren bidea Juaristi ISBk

Uztarria.eus 2019ko aza. 11a, 16:56

Joan zen asteburuan, azaroaren 3an, jaso zuen denboraldiko lehen porrota Juaristi ISB taldeak, eta asteburu honetan garaipenaren bidea hartu du berriz ere. Izan ere, joan zen asteburuan 74 eta 72 galdu zuen Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak Igualatorio Cantabria Estela taldearen kontrako neurketa, baina atzo, igandea, aise hartu zuen mendean Enerdrink Udea Algeciras taldea. Azkoitiko kiroldegian jokatutako norgehiagoka 66 eta 56 bukatu zen; lehen hiru laurdenetan Juaristi ISB nagusitu zen, eta Algeciras laugarrenean. Dena den, Juaristi ISBk aurretik lortutako abantaila nahikoa izan zuen partida irabazteko. Etxeko taldeko saskiratzaile onena Lowrance eta Powell izan ziren. Zortzi partida irabazita eta bat galduta, Zilarrezko LEB Ligako sailkapenaren buruan da ISBko gizonen lehen taldea. (Argazkia: Udea Baloncesto)