Herritarrak normaltasunez ari dira Espainiako Gorteetarako botoa ematen

Uztarria.eus 2019ko aza. 10a, 12:54

Espainiako Gorteetarako hauteskunde eguna da gaur, igandea, eta herritarrek Kongresurako eta Senaturako ordezkariak aukeratuko dituzte. 09:00etan zabaldu dituzte hauteskunde mahaiak, eta azpeitiarrak normaltasunez ari dira botoa ematen dagokien hauteslekuetan. Goizean jendearen joan-etorria antzematen da botoa emateko tokiak jarrita dauden lekuetan. 20:00ak arte izango dute herritarrek botoa emateko aukera, orduan itxiko baitituzte hautetsontziak.

Uztarria.eus-ek, aurreko hauteskundeetan egin izan duen bezala, hauteskundeen jarraipen berezia egingo du egun osoan zehar, eta Azpeitian izan diren emaitzen berri emango du iluntzean.

Lau urtean laugarrenez egingo dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak gaur, eta aurten bigarren aldiz; izan ere, apirilaren 28an egin ziren hauteskundeen ondoren ez dute Espainiako Gobernua osatzerik lortu alderdiek. Orduko hartan parte-hartze handia izan zen hauteskundeetan: hain zuzen ere, azpeitiarren %72,82 joan ziren botoa ematera.

Kongresurako bozetan, EAJ izan zen nagusi Azpeitian, botoen %41,65 jasota (3.378 boz). Bigarren alderdi bozkatuena, berriz, EH Bildu izan zen EAJk baino 124 boto gutxiagorekin; koalizioak botoen %40,12 jaso zituen (3.254 boz). Hirugarren indarra Elkarrekin Podemos izan zen botoen %7,69 bilduta (624 boto), eta PSE-EE izan zen laugarrena, botoen %6,28 jasota (509 boto). Horien atzetik, izan ziren PPk (%1,91), Ciudadanos (%0,83) eta Vox (%0,42).

Senaturako ere EAJko hautagaiak izan ziren boto gehien jaso zituztenak. Herritarren %72,48k eman dute boza, eta Maria Isabel Vaquero (3.376 boto) jeltzalea, Maria Mercedes Garmendia (3.348 boto) jeltzalea, Luke Uribe-Etxeberria (3.330 boto) jeltzalea, Gorka Elejabarrieta (3.218 boto) EH Bilduko kidea, Olaia Duarte (3.196 boto) EH Bilduko kidea eta Aitor Ibero (3.163 boto) EH Bilduko kidea izan ziren boto gehien eskuratu zituzten senaturako hautagaiak. Horien atzetik, PSE-EEk eta Podemosek bildu zituen boz gehien.