Aurten ere zezenik ez da falta izan Errebaleko festetan

Uztarria.eus 2019ko aza. 9a, 19:35

Atzo eta gaur ari dira ospatzen Bustinzuriko Errebalean San Martin festak. VII. Mus Txapelketarekin hasi ziren festetako ekitaldiak, atzo, ostirala, Pikua tabernan. Zazpi bikotek parte hartu zuten txapelketan, eta bikote txapeldunak Unai Urbizu eta Ander Kerejeta izan ziren. Musean jarduteko bikoteko hogei euro ordaindu zituzten, eta bikote txapeldunak bildutako diruaren erdia eta txapelak jaso zituen sari gisa.

Gaur, zapatua, Errebalean ez da zezenik falta izan. Lopene ganadutegikoak atera dituzte eguerdian eta arratsaldean. 13:00etan zezen txikiak eta poniak izan dira kalean. Haur eta gaztetxo ugari bildu da hitzordu horretarako. Arratsaldean, 16:30ean hasita, sokamuturra izan da, euritan.

Zezena erretiratu ondoren, triki-poteoa egin dute. Iluntzean, berriz, afaria egingo dute Errebalekoek Txokoa jatetxean. Afalostean, Josu Rodriguezen DJren emanaldia izango da Pikua tabernan.