Udalak ekin dio 2020ko aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzaileari

Uztarria.eus | Udala
2019ko aza. 8a, 16:00

Urrian zehar auzoetako bizilagunen beharrak eta eskaerak ezagutzeko hainbat bilera egin ostean, aurrekontuak osatzeko azken txanpan sartu da udala. Udalak abenduan onartuko ditu 2020rako aurrekontuak, eta dagoeneko hasi da horiek osatzeko prozesu parte-hartzailearekin. Datozen asteetan bilerak egingo dituzte herriko eragileekin, eta ekarpenak egiteko postontziak jarriko dituzte herriko hainbat txokotan. 

Leire Goenaga, Nagore Alkorta eta Aitor Bereziartua, agerraldian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Erronka berriei heltzeko asmoz", Azpeitiko Udalak 2020ko aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesu parte-hartzailea jarri du martxan beste urte batez. Udalak abenduan onartuko ditu 2020rako aurrekontuak, eta dagoeneko hasi da horiek osatzeko prozesu parte-hartzailearekin. Urrian zehar auzoetako bizilagunen beharrak eta eskaerak ezagutzeko hainbat bilera egin ostean, aurrekontuak osatzeko azken txanpan sartu da udala. Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua zinegotziek agerraldia egin dute 2020ko aurrekontuak osatzerakoan kontuan hartuko dituzten irizpideak azaltzeko eta jarraituko duten prozeduraren berri emateko. Datorren urterako dituzten erronkak ere izan dituzte hizpide. 

Joan zen ekainean osatu zuten 2019-2023 agintaldirako Azpeitiko Udalbatza berria, eta orduan hartu zuen aginte makila Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Orduz geroztik lanean aritu da Udal Gobernua, eta hilabete horietan zehar "erabaki handiagoak eta txikiagoak hartzea" tokatu zaiela adierazi du Alkortak. Orain, "ardura berrietara egokitzeko momentua" dela azpimarratu du alkateak. 2020ko aurrekontuak osatzerakoan "aurrera begira" jartzea dute helburu, azken urteak ahaztu gabe. "Krisi ekonomikoak gogor astindu zuen gure herria, eta oraindik agerikoak dira ondorioak. Hala ere, langabezia tasa %7,6koa da Azpeitian, EAEko langabezia baino hiru puntu baxuagoa, eta hori, behintzat, bada zerbait", adierazi du Alkortak. 

Halaber, aurrekontuak osatzeko prozesuan udalaren egoera ekonomikoa "oso garrantzitsua" dela azaldu du alkateak, eta azken urteotako "kudeaketa zorrotza" tarteko udalaren egoera ekonomikoa ona dela azpimarratu du Alkortak: "Azpeitiko Udala ekonomikoki osasuntsu dago, eta solbentea da. Arazoak arazo, esan dezakegu etorkizunari baikor begiratzeko moduan gaudela".

Plan Estrategikoa oinarri

2020ko aurrekontuak osatzerakoan, unean uneko beharrei erantzuteko neurriak bermatzeaz gain, epe luzera begira jarri nahi dute: "Uste dugu sakoneko arazoei eusteko garaia dela, baita Azpeitiarentzat estrategikoak diren erronkei aurre egiteko garaia ere". Dena den, gogoratu du erabaki guztiak ez daudela udalaren esku: "Ahalegin guztia egiteko prest egon arren, eskumen ezberdinak tarteko, beste erakundeekin elkarlanean aritu beharko dugu. Helburu nagusi bat dugu: azpeitiarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzea eta horien behar sozialei erantzuteko aurrekontuak osatzea". Horretarako, Azpeitiko Udalaren Plan Estrategikoa hartuko dute oinarri gisa, eta eragile nahiz herritarrekin adostuko dituzte lehentasunak. "Orain arteko bideari jarraipena emanez, ekonomiaren sustapena eta gizarte beharrei erantzuteko baliabideak nahiz azpiegituretan dauden beharrei erantzuten saiatuko gara, bide horretan, salto bat eman eta lur industrialen arazoari heldu nahi diogu. Etxebizitza politikan sakondu eta eskaintza jarraitua egingo dugu. Datorren urtera baino 2030era begiratu behar dugu; eta adinekoen beharrei erantzuteko neurriak ere hartu nahi ditugu", azaldu du Alkortak. 

Etorkizunari baikor begiratzen dio alkateak, eta epe luzerako plangintzari heldu nahi diola azpimarratu du: "Herri moduan indarrak batu eta guztion artean lan egiteko momentua da. Eragile eta herritar guztien ekarpenak ezinbesteko izango zaizkigu, eta, beste behin, elkarlanerako gure eskua luzatuta dagoela gogorazi nahi dizuegu".

Ekarpenak jasotzeko prest

2019ko kontuak errepasatu ostean, 2020ko aurrekontuen lehen zirriborroa lantzen hasi da Udal Gobernua. Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak azaldu duenez, udal aurrekontua osatzerakoan kontuan hartzen dituzte udalaren egoera ekonomikoa eta hurrengo urterako aurreikusten dituzten diru sarrerak. Atzo aurkeztu zuten lehen zirriborroa Ogasun batzordean, eta aurreikuspenen arabera, 20 milioi euro inguruko aurrekontua izango du udalak 2020an. Orain, zirriborro horri ekarpenak egiteko unea dela adierazi du Goenagak. "Udaleko teknikoekin nahiz oposizioko kideekin landuko da zirriborroa, bai Ogasun Batzordean, bai arlokako batzordeetan ere".

Era berean, herriko eragileei eta herritarrei ere iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aukera eskainiko die udalak. Horretarako, etxez etxe eskuorriak banatuko dituzte, eta herrian hamar postontzi jarriko dituzte ekarpenak egin ahal izateko. Udalaren webgunean ere izango da ekarpenak egiteko aukera. Herriko eragileekin, berriz, bilkurak egingo dituzte datozen bi asteetan, haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu