XI. Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa herrikoia jokatuko dute bihar Azpeitiko Gaztetxean

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko aza. 8a, 08:21

Zailtasunaren arabera hiru maila ezberdin izango dira txapelketan: herrikoiak A, herrikoiak B eta Sateliteak. Parte-hartzaile guztiek izen-ematea 10 euro ordaindu beharko dute, eta horrekin batera XI. boulder txapelketa herrikoiko kamiseta bana jasoko dute. Aurtengo edizioak ez du berrikuntzarik ekarriko. Sokaitzeko kideek aurreratu dutenez, txapelketaren sistema nahiz iraupena "betikoa" izango da. Txapelketak irauten duen bitartean, Azpeitiko Gaztetxeko barra zabalik egongo da eta edariak nahiz pintxoak izango dira salgai. 

X. Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa herrikoiko irudia. (Kontu Lepo)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Eskalada eta aldarria izango dira protagonistak bihar, zapatua, Azpeitiko Gaztetxean. Goizean hasi eta arratsaldera arte, XI. Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa herrikoia jokatuko da bertan, Sokaitz eskalada taldeak eta Azpeitiko Gaztetxeak elkarlanean antolatuta. Iaz, agenda kontuak tarteko, ez zen txapelketa jokatu, baina aurten gogoz eutsi diote hamaikagarren urtez euskal presoen aldeko boulder txapelketa antolatzeari. Sokaitz eskalada taldeko kideak duela hilabete inguru hasi ziren Euskal Presoak Euskal Harrietara sariketaren aurtengo edizioa prestatzen. Azken asteetan ordu ugari pasatu dituzte Gaztetxean, auzolanean boulderreko bide berriak prestatzen. 

Gainerako edizioetan bezala, zailtasunaren arabera hiru maila ezberdin izango dira txapelketan: herrikoiak A, herrikoiak B eta Sateliteak. Herrikoiak A mailako parte-hartzaileek 10:00etan egin beharko dute izen-ematea Gaztetxean bertan. Txapelketa, aldiz, 11:00etatik 13:00etara jokatuko dute. Herrikoiak A izango da mailarik errazena. Herrikoiak B mailakoek 14:00etan eman beharko dute txapelketan parte hartzeko izena, eta 15:00etatik 17:00etara bitartean jokatuko dute lehia. Satelite mailakoen (mailarik gogorrena) txanda 17:30etik 18:30era izango da. Horiek ere aurrez eman beharko dute izena Gaztetxean; 16:30etik aurrera, hain zuzen.

Parte-hartzaile guztiek izen-ematea 10 euro ordaindu beharko dute, eta horrekin batera XI. boulder txapelketa herrikoiko kamiseta bana jasoko dute. Kamisetarik sobratuko balitz, txapelketan parte hartzen ez duten herritarrek horiek erosteko aukera izango dute, 10 eurotan. 

Euskal Herri osotik, Azpeitira

Sokaitz eskalada taldeko kideek azaldu dutenez, Euskal Herriko hainbat txokotako eskalatzaileak bertaratzen dira Azpeitiko Gaztetxean jokatzen den boulder txapelketara: "Euskal Herri osoko jendea etorriko ohi da, eta aurten ere horrela izatea espero dugu. Dagoeneko badakigu zenbait lagun etortzekoak direla Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Bizkaitik" . Ez dute jakiten zenbat lagunek parte hartuko duten sariketan, izen-ematea egunean bertan egiten baitute. Dena den, horrek "bere alde onak" ere badituela uste dute: "Gertatu izan da norbaitek Herrikoietan izena ematea, eta maila horretan ondo ibili dela ikustean Sateliteen mailakora animatzea".

Aurtengo edizioak ez du berrikuntzarik ekarriko. Sokaitzeko kideek aurreratu dutenez, txapelketaren sistema nahiz iraupena "betikoa" izango da. 

Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa herrikoian markarik onenak lortzen dutenek sari bana eramango dute etxera. "Ardoa eta gazta ez dira faltako", aurreratu dute Sokaitzekoek. Dena den, sari berezi bat ere badutela azaldu dute, baina hori "sorpresa" izatea nahiago dute. 

Jan-edanerako aukera

Txapelketak irauten duen bitartean, Azpeitiko Gaztetxeko barra zabalik egongo da. Edariak ez ezik, pintxoak ere egongo dira salgai. Gazte asanbladako kideek jakinarazi dutenez, pintxo beroak nahiz hotzak jarriko dituzte salgai, euro batean. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu