Baserriko bizimodua izango da 2020ko haurren danborradako karrozaren gaia

Uztarria.eus 2019ko aza. 5a, 13:11
Aurtengo sansebastianetako karroza Lagun Onaken 75. urtemugan oinarritutakoa izan da.

Zabalik dago 2019ko haurren danborradako karroza lehiaketara lanak aurkezteko epea. Gaia Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta da, eta herritarrek hilaren 30a bitartean aurkeztu beharko dituzte proiektuak udaletxean. Karrozaren aurrekontuak ezin du 7.800 euro baino handiagoa izan, eta lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria eskuratuko du.

Martxan da datorren urteko sansebastianetako haurren danborradarako karroza diseinatzeko eta egiteko lehiaketa. Gaia Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta da, Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak gaur jakinarazi duenez. Gaia ez ezik, lehiaketara lanak aurkezteko oinarrien eta xehetasunen berri ere eman du udalak. Karrozaren aurrekontuak ezin du 7.800 euro baino handiagoa izan, eta lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria eskuratuko du. Proiektuak aurkezteko epea hilaren 30ean, zapatua, bukatuko da; proposamenak udaletxean aurkeztu behar dituzte herritarrek. Lehiaketa irabazten duen proiektua izango da San Sebastian eguneko karrozan ikusi ahal izango dena.

Honako hauek dira karroza lehiaketaren oinarriak:

  • Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek har dezakete parte. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
  • Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  • Proiektuek sortu berriak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak. Lanaren egileak izango du erantzukizun osoa baldintza hori ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
  • Karrozaren neurriak honako hauek dira: 2,80 metroko zabalera x 3,85 metroko luzera eta 3,20 metroko altuera.
  • Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko gutunazal batean zehaztu beharko dira egilearen datuak: NANa, helbidea, telefonoa eta Curriculuma.
  • Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da. 
  • Proiektuak honako helbide honetara bidali beharko dira: Azpeitiko Udala (Festa Batzordea) Enparantza Nagusia, 5. 20730, Azpeitia. Telefono zenbakia: 943-15 70 68.
  • Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du, eta bost pertsonak osatuko dute. Udaleko eta dekoradore eskolako ordezkariak izango dira epaimahaikideak.
  • Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da, eta bere errealizaziorako adjudikatuko da.
  • Planoak, bozetoak, aurrekontu zehaztu bat eta gehienez A-4ko bi orrialdetan azaldutako memoria bat aurkeztu beharko dira. Aurrekontuak ezingo du izan 7.800,00 €euro baino gehiagokoa.
  • Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko €saria jasoko du.
  • Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitate edo balio.
  • Oinarri hauek denak eta aldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuak izango.
  • Deialdi honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea esan nahi du.
  • Epaimahaiak erabakiko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztiak, eta erabakia apelaezina izango da. Epaimahaiak karrozaren ejekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lan proiektuak epaimahaiaren oniritzia eduki beharko du ordainketa osoa jasotzeko.

2019ko sansebastianetako karrozaren gaia Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrena izan zen, eta Nekane Azpiazuk egin zuen diseinua.